Indartsu dabiltza Asier Pozo eta Beñat Carbayeda. Indartsu dabil, oro har, Buruntzazpi Txirrindularitza Eskola. Bioracer ligako emaitzak berretsi ditu Pozok, eta Gipuzkoako Txapelketa eskuratu du larunbat honetan, Anoetan. Kadeteetan nagusi izan dira lasarteoriatarrak. Carbayeda taldekideak lagundu dio podiumean, hirugarren koskara igota. Gainera, oso gutxigatik ez dituzte lortu lehen bi postuak; bigarrenarekin puntuak berdindu ditu Carbayedak. Markel Aristegi izan da taldeko beste ordezkaria; hamabigarren postuan bukatu du.
Bioracer ligan lehen 25 sailkatuek zuten txapelketan parte hartzeko eskubidea. Pozo berak irabazi zuen liga hori, orain dela aste batzuk. Oraingoan lau probatan lehiatu behar zuten kadeteek, egun berean; bi goizean eta beste bi arratsaldean. Lau lehiaketa horietan lortutako puntuak batuta osatu dute gero sailkapen nagusia. Pozok 138 puntu eskuratu ditu. Carbayedak 125, bigarrenak bezainbeste. Aristegik 48 puntu eskuratu ditu.
Goizeko lehen probatan oso berdindua egon da txapelketa. Scratch ariketan lehen postua eskuratu du Pozok, jokoan zeuden 40 puntuak poltsikoratuta. Carbayeda lehen postuetatik urrunago geratu da, zazpigarren, eta 28 puntu eskuratu ditu. Bigarrenean, Tempo proban, bigarren egin du Gipuzkoako Txapeldunak, 38 puntu lortuta. Carbayeda lehen hamarren artean sailkatu da, bederatzigarren, eta 24 puntu eman dizkiote.
Arratsaldeko bi probatan eman dute kolpea lasarteoritarrek, eta sailkapeneko lehen postuak ziurtatu dituzte. Kanporaketan Pozok beste 40 puntu lortu ditu, lehenengo sailkatuta. Bigarren izan da Carbayeda, 38 punturekin. Azken proban, puntuaketan, txapelketako posturik txarrena lortu du Pozok, laugarren, baina nahikoa izan zaio txapela janzteko. Carbayeda bigarren izan da, eta podiumera igotzea lortu du.
“Badago harrobia”. Eugenio Pozo Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako kadeteen entrenatzailea pozik dago. Lasarte-Oriako eta Usurbilgo gazteek osatzen dute taldea, nahiz eta kasu honetan Pozo eta Carbayeda lasarteoriatarrak izan. Oro har, kadeteek erakutsi duten maila “ikusgarria” da, entrenatzailearen hitzetan. Horren adierazgarri, Taldeen Kopan lortutako emaitza. “Bigarren egin genuen, Asturiasko selekzioaren atzetik. Izugarria da hori, kontutan hartu behar baita lurralde oso bateko gazteen talde bat dela”.
Baina Buruntzazpiko kadeteen arduradunak ez du atzera begiratu nahi; oraindik proba garrantzitsuak dituzte jokatzeko pistan. Espainiako Kopako azken proba jokatuko dute otsailaren 10eko asteburuan, Mallorcan. Pozo gaztea Euskadiko maillotarekin joango da.
Bakarrik, denen aurka
Oso estu dago Espainiako Kopako lehia. Lehen postuan da Pozo, baina bigarrena eta hirugarrenarekin berdinduta dago. Berez, aukera onak lituzke txapelketa irabazteko. Arazo bat du, ordea: “Balear Uhartetako Selekzioko kideak dira beste biak. Eta etxean jokatzen dutenez, talde osoa eramango dute, eta haientzako egingo dute lan”. Euskadiko Selekzioak, ordea, aurrekontu arazoengatik, Pozo kadetea bakarrik bidaliko du. “Oso garestia da hegazkina, bizikleta eta beste materialak garraiatzea”, azaldu Pozo entrenatzaileak. Asierren aita ere bada Eugenio. “Podiuma behintzat eskuratu beharko luke”.
Beste txapelketa garrantzitsuak ere badituzte aurretik Pozok eta Carbayedak. Euskadiko Pista Txapelketa Tafallan jokatuko dute, nahiz eta data zehazteko duten. Espainiako Txapelketan lehiatzeko ere hautatuak izan dira bi gazteak, Aste Santuan. Errepideko denboraldia hastear dute, baina bi modalitateak uztartuko dituzte Buruntzazpiko txirrindulariek. Ia astebururo izango dute lasterketa. “Gainera, biak ongi aritzen dira errepidean ere ”.