'Kontent-tú', mendekotasunik ez duten pertsona adinduei zuzendutako arreta zerbitzu berria

Gipuzkoako Foru Aldundiko sail erreforma dela eta, 2018 urtetik aurrera, mendekotasunik ez duten pertsona adinduei eguneko arreta egiteko gune bat eskaini behar diete udalek. Hori dela eta, urtarrilaren 8an "Kontent-tú" zerbitzua jarri zuen martxan Lasarte-Oriako udalak Biyak Bat elkartean. Gaur goizean, udal ordezkari eta zerbitzuaren arduradunek honen berri eman dute

Egun Kontent-tú arreta zerbitzuan zortzi pertsona biltzen dira. Astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era ekintza ezberdinak egiten dituzte  Biyak Bat elkarteko gela batean.

Marian Ugaldek zerbitzuko begiraleak azaldu duenez, pertsona hauei egokitutako ariketen bidez trebetasun fisiko eta kognitiboak lantzen dituzte, hala nola, hilabetean behin film bat ikusi, karta jokoak jokatu, sudokuak egin, berriak irakurri eta mandalak margotzen dituzte edo paseatzera ateratzen dira. Honez gain, irteerak ere egingo dituztela aipatu dute, lehenegoa Tabakalerara izango da.

Erabiltzaileek gauza berriak ere ikasten dituzte eta teknologia berriekin lan egingo dutela eman dute jakitera zerbitzuaren arduradunek. “Tabletetan ariketak egingo dituzte eta senideek aplikazio bat ere izango dute”.

Lasarte-Oriako alkateak Jesus Zaballosek aipatu duenez, zerbitzu hau udal gutxitan jarri da martxan. “Buruntzaldean esate baterako, Usurbilek eta Lasarte-Oriak dute soilik”.

Kontent-tú zerbitzua  65 urte baino gehiago dituzten herritarrei irekia dago. Baldintza bakarra dago: “ezin dute 39 puntu baino gehiagoko mendetasuna izan”. Horregatik, herritarrak animatzen dituzte honetan izena ematera.

Honez gain, etorkizunean mendekotasunik ez duten pertsona adinduek jangela zerbitzua ere izango dutela iragarri du alkateak.