Erraustegiari eta hura energiaz elikatzeko azpiegiturari, ezezko ozenak

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, Lasarte-Oriako eta inguruko herrietako hainbat biztanle elkartu dira gaur eguerdian Okendo plazan, erraustegiari eta hura energiaz elikatzeko goi-tentsioko lineari ezetz esateko. Hori baino lehen, proiektuari buruzko informazioa jaso dute Azkorten

Erraustegiari eta hura energiaz hornitzeko goi-tentsioko lineari ezetz esan diote Lasarte-Oriako eta inguruko herrietako hainbat biztanlek, Okendo plazan, ozen. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren deiari erantzun, eta, Azkortera mendi-martxa egin ostean (bertan goi-tentsioko linearen egitasmoaren xehetasunak ezagutu dituzte), plazara jaitsi dira, ekitaldian parte hartzera. Okendora iritsi aurretik, herrian barrena manifestazioa egin dute, Goi tentsioko linearik ez! Erraustegia gelditu lelotzat hartuz.

Landaberri LH ikastola Zubietako errauste plantaren obretatik 500 metrora dago. Azpiegitura horrek eragin ditzakeen kalteak direla-eta, "arduratuta" daude, ikasleek eta irakasleek argi utzi dutenez. Hiru ikasle igo dira oholtzara aurrena, manifestu bat irakurtzera. Mikrofonoa txandatu dute euren artean, mezu argi bat plazaratzeko: "Agintariei eskatu nahi diegu ez jolasteko gure osasunarekin". Era berean, adierazi dute euren irakasleak ere "kezkatuta" daudela, ikasleen osasuna dela-eta. 

Ikasleek irakasleei eman diete lekukoa. Azken asteetan harrabotsa sortu duen afixa eskuetan hartuta igo dira oholtzara. 500 metrotara errauskailua irakur daiteke bertan. Marijo Vivasek hitz egin du guztien izenean, eta jakinarazi du "presio handia" sentitu dutela irakasleek, pankarta hori dela-eta. Erabaki dute eskola eremutik kentzea, eta Okendo plazara ekartzea. Bestalde, Landaberri LH oraindik erantzun baten zain dagoela esan du Vivasen "Klaustroak hala erabakita, Organu Gorenak bi eskutitz bidali dizkio Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako ordezkari Gemma Gonzalez de Txabarriri, baina oraindik erantzunaren zain gaude". Bien bitartean, ikasleekin ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna lantzen jarraituko dute irakasleek; Agenda 21 programan, aurten, hondakinen gaia ari dira lantzen, gaur azaldu dutenez.

Umore ukitua ere izan du gaurko ekitaldiak. Lasarte-Orian behin baino gehiagotan ikusi ditugun hiru atsoek Ballakuak izeneko esketxa oholtzaratu dute. Obretako hesi batean elkartu dira hiruak, eta egunerokotasuneko hainbat gai komentatu dituzte, Diario Vasco egunkaria eskuetan, kritika sotila eginez: "Eta, zer diote politikariek? Horiek ere, berdintsu; holakoxek kontuk eta komerik".

Ondoren, Aire Garbia plataformako kideek Errausketaren Aurkako Mugimenduak idatzitako manifestu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Proiektuaren ezaugarrien berri eman dute (azpiko tartekian zehazten dira), salatu dute Iberdrola multinazionalarentzat "negozio bikaina" izango dela, eta, besteak beste, nabarmendu dute ez dela etsitzeko unea, borrokan segitzekoa baizik: "Goi-tentsioko linea tramitean dago, eta erraustegia eraikitzeko lanak presaka egiten ari dira, agintaldi honetan nola edo hala bukatu nahian. Horren aurrean ez dugu etsi behar, borrokan jarraitu baizik: erraustegiari ez, eta goi-tentsioko lineari ez!".

Bukatzeko, 'Hartu nahi dut arnas' abesti ezaguna entzun eta abestu dute plazara bertaratutakoek. Herritar talde gazte batek koreografia oholtzaratu du.

Horrekin batera, otsailaren 24ko (larunbata) manifestaziora deitzeko aprobetxatu dute Aire Garbia plataformako zenbait kidek. 17:30ean hasiko da, Donostian.

Mendi-martxa, egitasmoa ezagutzeko

Okendora jaitsi baino lehen, proiektu horren nondik-norakoak ezagutu dituzte, Azkorteko ermitan. 11:30ean egin dute bat Lasarte-Oriatik, Hernanitik, Urnietatik eta Andoandik abiatutako zutabeek. Goi-tentsioko linea Hernani eta Urnieta bitarteko mugan hasiko litzateke eta erraustegiraino iritsi, Azkorteko ermita zeharkatuz.

Linea berriak 132 kilovolteko potentzia izango luke. Erraustegiari zerbitzu esklusiboa emateko eraikiko lukete; urtean 160.000 megawatt sortuko lituzke hondakinak kudeatzeko azpiegitura horrek.

Bost kilometro pasatxoko luzera (5.422 metro, zehazki) izango luke goi-tentsio lineak. Zubietako Artzabaletako eremutik irtengo litzateke eta A-15 autobide ondoraino, Hernani eta Urnietaren arteko mugatik gertu. Guztira 21 dorre jarriko lituzkete, 30 eta 36 metro arteko luzerakoak; 50 metro koadroko eremua hartuko luke horietako bakoitzak. Ingurugiroan ondorioak izango lituzke horrek: hainbat zuhaitz moztuko lirateke (40 metroko zabaleran, batez beste) eta ezingo lirateke berriak landatu.

Linea horrek ingurugiroan "eragin handia" izango lukeela nabarmendu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak: "Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnietako lurrak igaroko lituzke proiektu horrek; nekazari lurrak eta basoak zeharkatuko lituzke". Jakinarazi dute deklarazio baten zain dagoela egitasmoa uneotan: Ingurumen Eraginaren Deklarazioa egin behar du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak. Behin hori gaindituta, deklarazioa publiko egin beharko dute, eta helegiteak jartzeko tartea irekiko da. Hori eta gero, Industria Sailera joango litzateke proiektua. Hark baimenduko balu, lurrak desjabetzeari eta eraikuntza lanei ekingo liekete. Iberdrolak egingo luke goi-tentsioko linea berri hori, eta baita kudeatu ere. Berriro ere, negozio itzela multinazional batentzat".

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren alboan eraikitzea aurreikusten duen Klima Aldaketaren Aurkako Zentroa ere izan dute hizpide. "Lasarte-Oriako EAJk egin zuen eskaera bere garaian: argindarra doakoa izatea lasarteoriatarrentzat, erraustegiaren kalteak horren gertutik pairatzeagatik konpentsazio modura. Aldunditik ezetz erantzun zuten, esanez ez dakarrela ondorio kaltegarririk azpiegitura horrek; gainera, Klimaren Aldaketa Ikertzeko Zentroa alboan eraikiko dugu". Asmo hori kritikatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak:  "Erraustegia berdez margotzeko erabiltzen ari da zentro hori Foru Aldundia, modurik zabarrenean; errauste planta inoiz martxan jarriko balitz, Gipuzkoako berotegi-efektuko bigarren gas-sortzaile handiena izango litzateke, Zabalgarbi Bizkaiko handienetakoa den bezalaxe. Aurpegia behar da gero!".

Argazki galeria