Gazteen emantzipazioa lantzeko “eskola” martxan jarriko du Lasarte-Oriako Udalak. Gazteen autonomia pertsonala sostengatzeko baliagarri izango da. Otsailean hasi eta ekainera bitarte, hainbat hitzaldik eta lantegik osatuko dute eskola.
Gurasoen etxea uztean, zenbait zailtasunekin egin dezake topo edonork; sukaldean aritzea, garbigailuan arropak nahastea, eta etxebizitza bat alokatu edo erosteko baldintzen inguru zenbait ezjakintasun, besteak beste. Horiek argitu eta emantzipazioa erraztu asmoz abiatu du gazteria eta jaiak sailak ekimena.
Otsailaren 6an (asteartea) hasiko da egitasmoa. Egun horretan, Hipotekak eta bankuak. Zer jakin hipoteka eskatu aurretik? hitzaldia izango da Gaztelekuan. Etxebizitza erosteko hipotekak, oinarrizko kontzeptuak, jarraitu beharreko pausoak, hipotekak dirauen bitartean hura nola kudeatu eta hipoteka nola kantzelatu jakin ahal izango dute bertaratzen direnek. Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua.
Otsailaren 8an, bigarren hitzaldi bat egingo da: Zure curriculuma. Lana aurkitzea erraza(goa) da nola bilatu badakizu. Hau ere gaztelekuan egingo da, 19:00etan, eta curriculuma prestatzen, bilatzen den lanaren arabera egokitzen ikasiko dute. Aurkezpen-gutuna, esperientziadun eta esperientziarik gabeko curriculuma, eta curriculumean sartu edo ekidin behar den informazio guztia bildu ahal izango da. Horrekin batera, lan elkarrizketa prestatzen ere ikasiko dute: elkarrizketa aurreko eta bitarteko antsietatea nola kontrolatu; ahozko eta gorputzezko komunikazioaren klabeak nola landu eta indartu.
Otsailaren 15ean azken hitzaldia izango da. Horretan, Emantzipatu, noiz?, nola? gaitik abiatuta, gurasoen etxetik joateko unean jakin beharreko zenbait datu emango dituzte: alokairuan inguruko informazioa, etxebizitzen erosketak, etxebizitza libreak, etxebizitza babestua, eta abar. Aukera bakoitzaren alde onak eta txarrak azalduko dituzte, baita babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko bete beharreko baldintzak ere.
Hitzaldi guztiak irekiak izango dira, doakoak.
Sukaldaritza ikastaroa
Hitzaldiekin batera, sukaldean trebatzeko aukera ere izango dute gazteek. Otsailaren 22an hasi eta martxoaren 22ra arteko iraupena izango du, eta ostegunetan egingo da ikastaroa, 18:00etatik 20:00etara.
Bertan, nola antolatu aste osoko menua, erosketen planifikatzea eta non, nola eta noiz erosi jakin ahal izango da.
Tailerrean parte hartu nahi duenak, izena eman beharko du aurretik, Gaztelekuan, otsailaren 19a baino lehen.
Apirila aldera beste zenbait lantegi egitea aurreikusten du udalak, baina aurrerago emango dute horien berri.