Oraingo erronka dute islatutako istorioa ezagutaraztea, herritarrek barneratu dezaten zergatik diren modu horretan Lasarte-Oriako inauteriak.
Mitoak eta erritoak nahasten dira inauterien antzezlanean. Istorioa ez da beti agerikoa, sinbolismoak indar handia duelako. Mitoa errealitatearen azalpen ez arrazionala ematen saiatzen den alegiazko narrazioa da. Eta erritoa, aldiz, mitoaren irudikatze fisikoa. Festaren antolatzaileak euskal inauteri tradizionalen mitoetan murgildu dira, antzinako ospakizun horren esanahi sinbolikoen bila. Agerikoa da inatuerien esanahia: izaera garbitzailea du, hau da, gaitz eta kalamitateak uxatzeko erritoak izan daitezke. Izaera hori da, hain zuzen ere, Lasarte-Oria eta Zubietako Euskal Inauterien abiapuntua.
Inauteriak sortu ziren garaian ez zegoen ezagutza zientifikorik, eta, horrenbestez, edozer gauzari heltzen zioten gaitzak saihesteko. Horrela sortu ziren erritu asko eta asko. Lasarte-Orian itunarekin antzeztuko da horietako bat; kaosa eta gaitzak sortu ditzaketen elementuekin itun bat egingo dute herriko ordezkariek, janariaren eta diruaren truke hitzeman dezaten aurrerantzean kalte gehiagorik ez egitea.
Ituna betetzeko, puska bila aterako dira herritarrak. Alegia, janaria eta dirua biltzeko lanean hasiko dira. Inauteri askotan baserriz baserri joaten ziren eskean, mozorroturik.
Horrela, otsailaren 3an alkateak bere jantzi dotoreena prestatuko du, eta herriko mugara abiatuko da. Herriko mugan bilkura inportantea du zain. Hitzarmena adostu ezean, kalamidade latzenek astinduko dute herria. Bilkura horren arabera, urte oparoa edo urte gorria izango da.
Jarraian, festan azaltzen diren pertsonaia eta elementuen esanahi sinbolikoen zerrenda eskainiko du txintxarri-k, Euskal Inauterien lantaldearekin bildu ondoren. Horrela, datorren otsailak 3an edonork ulertu ahalko du ikusi eta entzungo duen guztia.