Euskal Herriak oinarri bateratu batean eraikitako garapen eta modernizazio proiektu bat behar du. Horixe uste du, behintzat, Xabier Barandiaran soziologoak eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Ostegun iluntzean hitzaldia eman zuen Lasarte-Orian, Villa Mirentxun. Estitxu Alkorta EAJko zinegotziak eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendariak lagundu zuen hizlaria. XXI. mendean behar dugun herrigintza izenburupean, gizarteak hartu behar lukeen rolari buruz aritu da Barandiaran. Haren ustetan, helburu eta edukiei buruzko akordioa landu egin behar da, eta, horretarako, "gizarteak aktore politikoei arnasa berria ematea ezinbestekoa da".
Barandiaran Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanoren kabinete burua da. Parte hartzean oinarritutako kultura bultzatu behar delakoan dago, "bide eta eredu ugari landuz". Modu horretan emango litzaioke herrigintzari "bere balio eraginkorrean eta eraldatzailean bultzada bat emateko" ahalmena. "Gizarteak parte hartu, ez bakarrik auzi politikoaren blokeoa gainditzeko, baizik eta herrigintza bere osotasunean indartzeko".