Buruntzaldeko gazteen bidaien lehiaketa abiatu du Urnietak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 20a, 11:00

Diaporama lehiaketa antolatu du Urnietako Udalak. Bi sari nagusi izango dira: Kultururnieta eta ikuslearena

Urnietako Udalak bidaien diaporama lehiaketa jarri du martxan. Lehiaketan parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar dira. Horrez gainera,  Buruntzaldean bizi, ikasi edo lan egitearekin nahikoa da.

Izena ematea urtarrilaren 15tik otsailaren 9ra egingo da. Inskripzio orria Lekaio kultur etxean, Urnietako Gazte informazio puntuan eta udaleko webgunean eskuragarri dago. Bete ostean, leku horietan entrega daitezke, 650 250 356 whatsapera edo gazteinformazioa@urnieta.eus helbidera bidali.

Aukeraketa

Aurkezten diren eskaera orri guztien artean bost aukeratuko dituzte, eta horiek erakutsiko dituzte  haien diaporamak.

Otsailaren amaieran jakinaraziko dituzte izenak,  Urnietako udalaren webean eta sare sozialetan.Diaporamak martxoaren 19tik 23ra aurkeztuko dituzte. Bakoitzaren eguna, ordua eta erakusteko lekua aurrerago zehaztuko dute.

Diaporamak 30 eta 60 minutu artekoa izan behar du, eta irudi eta bideoez osatu daiteke. Horretan esperientziaren eta ibilbidearen berri eman, eta bidaia nola antolatu den ere kontatu beharko dute gazteek.

Saria

Sari ugari izango dira. Bost pertsona horiek aukeratua izateagatik soilik 100 euroko saria eramango dute. 

Honez gain, Kultururnieta saria (300 euro) eta ikuslearen saria (200 euro) ere banatuko ditu lehiaketak.

Kulturnietaren saria banatzeko epaimahai bat osatuko da. Ikuslearen saria erabakitzeko, berriz, diaporama bakoitzera joaten diren ikusleen esku egongo da, horiei puntuazio bat emateko eskatuko baitzaie.