Aldapa

Elurra zuria eta Kontxa alderaezina. Epitetoak dira horiek: elurra zuria ez bada, nolakoa? Kontxara begira jarri eta hori konpara ezina ez bada, zer da bada? Modu bertsuan gertatzen zaio urtarrilari, aldapatsua dela esaten dugunean. Urtarrila hitzak alboan darama beti aldapa hitza.

Elurra zuria eta Kontxa alderaezina. Epitetoak dira horiek: elurra zuria ez bada, nolakoa? Kontxara begira jarri eta hori konpara ezina ez bada, zer da bada? Modu bertsuan gertatzen zaio urtarrilari, aldapatsua dela esaten dugunean. Urtarrila hitzak alboan darama beti aldapa hitza. Igotzen dena jaitsi egiten omen da eta eguberriko egunetan goitik ibili ohi gara oso, goitik otorduetan, olatu gainean lagun arteko poteoan eta gailurrean dirua xahutzen. Artalde bihurtzen gara urteko zenbait sasoitan: eguberrietan, merkealdietan, udarako opor-bidaietan eta abarretan, eta artaldeak “egokitzen” dena egiten du artaldeko kide sentitzeko, bakarkako aldapatan ez ibiltzeko (aldapa berriz ere).

Bada, zeruetan dabilenak lar artean amaitzen duen bezala, Gabonetan suelto suelto ibiltzen denak urtarrila du beti zain. Hor hartzen dute indar urte berrirako asmo eta aginduek: kirola egingo dut, erretzeari utziko diot, ingelesera ikasteari helduko diot berriz ere eta batez ere, zaindu egingo dut neure burua eta albo batera utziko ditut jan-edan gustuko baina kaltegarriak. Horrek esan nahi du nork bere burua behartzen duela horietara eta badakigu zer gertatzen den “obligaziotzat” hartzen ditugun jarduerekin: aldapa gorakoak egiten zaizkigula. Ez engaina zeuen burua: urtarrileko aldaparena ez da horrenbeste diru kontuagatik, geuk gozamenari ezartzen dizkiogun mugengatik baizik. Animo eta eutsi!