Gipuzkoako bi maila gorenetan lehiatuko du Intza KEk datorren denboraldian. 1go mailan mantentzea lortu zuten Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak duela hilabete, eta 2. mailara igo berri dira Haritz Urkia eta Aritz Solano.
Getariako Gure Txeru taldeko bikotearekin neurtu zituzten indarrak atzo arratsaldean, Loidibarren pilotalekuan. Michelingo pilotalekuan ikusi ohi dituzte herritarrek horrelako zita garrantzitsuak, baina Gabonetako Haur Parkea dagoenez bertan egunotan, kantxaz aldatu behar izan du Intzak. Zorionez, atzoko neurketan ez zen nabaritu, 14-22 irabazi baitzuten Urkiak eta Solanok.
Partida hasieratik hartu zuten aldea markagailuan herritarrek, 10-20 jartzeraino. Gure Txerukoek ez zuten amore eman, ordea, eta lau tanto egin zituzten segidan, baina sakea berreskuratu eta, gehiago itxaron gabe, garaipena eskuratzeko beharrezko bi tantoak egin zituzten Urkiak eta Solanok.