Bertha Gaztelumendi eta Sabino Hormazabal: "Ispiluaren aurrean jartzen gaitu bizikidetza txostenak"

Adrian Garcia 2017ko abe. 23a, 14:30
Lasarte-Oriaren iragan hurbilan sakondu dute Argituz elkarteko kideek, memoriaren txostena egiteko. Zauriak orbaintzeko daude, baina itxaropentsu agertu dira elkarteko kideak, "zubiak" erakitzen ari direlakoan. Zubi lan hori egiteko tresna da txostena.

Urteetako gatazka eta bortizkeriaren ondoren, atzera begiratzeko garaia iritsi da. Oraindik badaude auzi asko konpontzeko, baina beste batzuen gainean bizikidetza arrunt bat hasteko oinarria badago. Horrela uste du Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak. Horretarako, baina, ezinbestekoa da gertatu dena kontatzea. Horixe egiten saiatu dira, hain zuzen, Bertha Gaztelumendi eta Sabino Hormazabal Argituzeko kideak. Memoria partekatu baterantz txostenean jaso dituzte Lasarte-Orian jazotako giza eskubideen urraketak. Eta ez dira gutxi izan: bederatzi hilketa, atentatuetan zaurituak, torturatuak, mehatxatuak, bizkarzainekin bizitzera derrigortuak, urruneko espetxeetan kartzelaratutakoak... Eskuragarri dago txostena udaleko weborrian.

Txosten lodia da Memoria Partekatu Baterantz lana. Nolatan hasi zineten ikertzen Lasarte-Oriako idarkeria politikoko kasuak?
Argituzek memoria partekatuaren inguruko lehen lana Errenterian egin zuen, 2014. eta 2015. urteen artean. Gero Lasarte-Oria eta Elgoibarreko ikerketa lanak etorri dira, eta orain Arrasate eta Andoainen ari gara. Txosten hauek guztiek jatorri berbera dute, hau da, udal taldeek bultzatuta izan dira, edo Lasarte-Oriaren kasuan bezala, Bizikidetzaren Udal Mahaian hartutako erabakiaren ondorioz sortu dira. Udal talde ordezkarien asmo partekatuan eta adostuan dute oinarria, eta horretan datza horien kemena. Jatorri ideologiko batekoek zein bestekoek egia ezagutzeko jarritako interesaren fruitu dira. Lanaren helburua da gertatutakoa ulertaraztea, indarkeriazko egiteak zerrendatuz eta elkarrizketatutako pertsonen testigantzak bilduz. Ez da epaiketarik egiten, gertatutakoa erakusten da. 

Gertaera horien inguruan jende asko elkarrizketatu duzue txostena lantzeko. Esango al zenukete gatazkaren garai horietan herria zatituta zegoela? 
Oraindik ere zauriak ez daude itxita, oroimena gordetzeko tresnak eta denbora behar dira zauri horiek osatzeko, baita jarrerak aldatzeko ere. Hala ere, "besteak" onartzeko bidean lehen urratsak emanak daude, ezberditasunak errespetuz begiratuz, besteak entzunez...

Txostenean nabarmendu duzue "zubiak" eraikitzen joan direla. Nola ikusi duzue elkarbizitza herrian? 
Zubiak eraikitzearena elkarrizketatu ditugun pertsonek esaten dute. Oinak lurrean ondo jarrita, eta oraindik ere mantentzen diren oztopoak alboratu gabe, aldaketa baikorretan arreta jartzea gustatzen zaigu. Adibidez, txostenean ageri da Lasarte-Oriako ETAren azken hildakoaren, Froilan Elespe PSE-EEeko zinegotziaren, inguruan egiten diren balorazioak erabateko batasuna dutela ideologia politiko ezberdineko pertsona guztien artean. Ez da gure inpresioa bakarrik, txostenean jasota dago elkarrizketatuek horri buruz pentsatzen dutena. Edo auzoen arteko harremanak zabaltzen ari direla esaten denean, jatorrizko "identitate" ezberdinen artean.  Zubi horiek bi zentzutan eta libreki ibiltzeko balio izatea espero dugu.

Memoria ariketa hauek zertan balio dezakete bizikidetza hori sustatzen? 
Txostenaren edukiak gure ispiluaren aurren jartzen gaitu. Hor azalaratzen da, neurri handi batean, izan garena eta garena. Gertatu zaigunaren memoria ezberdinak partekatzea atzera begiratzeaz gain, gure orainari eta etorkizunari begiratzen ere laguntzen digu. Gertatutakoa ondo ezagutzeak berriro ez gertatzea suposa dezake,  datozen belaunaldiek etorkizunean indarkeria baztertu dezaten gatazkak konpontzeko. Lan hau egin baino lehen, Lasarte-Orian Bizikidetza Taldea edo Bizikidetza Mahaia martxan zegoen, besteak beste. Lan hau tresna berri bat da denontzako.

Zuek txostenean bertan esaten duzue ez dagoela egia bakarra, memoria beti dela partekatua. Gizartean, ordea, erakundeek eta eragile askok lehia antzeko bat dute gertatu dena kontatzeko. Nola ikusten duzue kontakizunaren borroka hori? 
Guk ez dugu korapilo horretan trabatu nahi. Zentzuzkoa da onartzea kontakizun bakar bat ez dela izango; egia bakarra ez dago, batzuek inposatu nahi badute ere. Gure ekarpena da memoria partekatu baterantz bidea egiteko tresna bat eskaintzea, lanaren izenburuan esaten den bezala. Hau prozesu bat da, eta ikerketa honekin ez da amaitzen. Honen ostean beste datu eta testigantzak etorriko dira txostena aberasteko, baina gehituko zaizkion egiteak eta esperientziak, orain bezala, irizpide bati jarraituz jasoko ditugu: giza eskubide urraketa berberari, eskubide eta aitortza berberak onartzea, bazterkeriarik gabe.

Lasarte-Oriako Udalak eman zizuen memoriaren txostena egiteko enkargua. Orain arte udalak izan dira horren alde egiten ari direnak. Errazagoa al da horrelako ariketa bat egitea herri batean? Nazio mailako memoria txosten bat egiteko bidea udalerrietatik hasi behar al du? 
Horrelako dinamikak edozein herritan egin daitezke. Esan bezala, txostenari ekin baino lehen udaleetan sukalde lana egin da, talde politikoen ordezkarien artean eta herriari zuzendutako ekimen batzuren bitartez. Gero, txostenak zabaltzen duen bideari segitu behar zaio: egia sakonduko duten ekimenak suspertu eta gizarte ehuna sendotuko duten ahaleginak egin behar dira. Gure esperientziaren arabera, errazagoa da eremu lokaletik hastea. Behetik gora eginez, iraganean gertatutakoaz ahalik eta gehien berreskuratu ahal izango da, gertaerak sailkatuz, ezer nahastu gabe. Udalerrietan gertatutakoa ezagutzen da, herrian bertan aktore horiek bizi direlako, positiboak eta negatiboak. Gertakarien lekukoak izan diren pertsonak daude. Ezaugarri horiek indarkeria gainditzeko aukera zabalagoak ematen ditu, eta horrez gain, leku fisiko berbera errespetuz partekatzeko aukerak ere hazten dira. Dekretuz ez da hori lortuko.

Errenteriako kasuan PP ere batu zen txostenera. Lasarte-Orian zergatik ez? Txostenean Alejandro Saenz PPko zinegotzia elkarrizketatu duzue.  
Txostenean parte hartzeko erabakia librea da. Alejandro Saenzek txostenean parte hartu du, eta bere testigantzaren isla hortxe dago. Alejandro, gainera, ETAren biktima da; bere aitona hil zuten herri honetan. Beste biktima batzuekin ere izan gara, eta ez dute txostenean parte hartu nahi izan. Lana biktimengan zuzentzea ez da ikerketaren helburu bakarra. Txostenatik abiatuta, aukera berriak zabaltzen dira tokian-tokiko biktimen politika lantzeko. Prozesu partekatu honek errespetuz jokatu behar du, eta Lasarte-Oriako aniztasuna erakutsi behar du. Esaterako, Elgoibarko Udalean PPren ordezkaritzarik ez dago, baina ikuspuntu politiko horretako pertsonen iritzia jaso dugu. Ahots guztiak entzun behar dira.

Eztabaida piztu dezakeen gaia da.  Hilketak eta indarkeria izan dira Euskal Herrian arrazoi askogatik: emakumea izateagatik, sexu orientazioagatik, arrazagatik, erlijioagatik... Erabateko bakea lortzeko horien memoria egitea beharrezkoa ikusten duzue? Aparte landu behar dira gai horiek? Ez dute gatazka politikoarekin zerikusirik? 
Jakina, garrantzitsua da memoria horiek guztiak jasotzea, hala esaten dugu gure txostenetan. Uste dugu horrela gizartean gertatzen denaren errealitatea zehatzagoa izango dela. Giza eskubideen urraketa guzti-guztien irakurketa bateratua egingo da noizbait; egun hori iritxiko da, dudarik ez dugu. Ikerketa berean sartu ez izanak ez du esan nahi zenbait urraketa besteak baino garrantzitsuagoak direnik. Urraketa guztiek bere lanketa eta aitortza izan behar dute udal mailan. Baina gure txosten honi dagokionez, motibazio politikoa duen indarkeria jaso dugu, politikoa terminoa modu estu batean ulertuta. Zentzu zabalago batean irakurriz gero, orduan bere gain hartu beharko luke txostenak giza eskubideen urraketa guztiak: sexu, arraza, genero, erlijio eta beste arrazoi direla medio egindako biolentziak. Gai horiek guztiak politikoak direlako.

"Motibazio politikoa". Hitz hori ek askotan erabiltzen dira. Zer esan nahi dute zehazki? 
Kasuen deskribapena egiteko balio duen kontzeptu teknikoa da. Biolentzia ezberdinak eta giza eskubideen urraketak deskribatzeko nazioartean erabiltzen den sailkapen terminoa da. Ez da biolentziaren justifikazioa, ezta gutxiago ere. Eta ez da kasualitatez sortu: asmo politikoak bultzatutako kasuak bere gain hartzen ditu. Erasotzaileen ekimenak asmo politiko horri lotuta daudelako: biktimak aukeratzerakoan, errebindikazio eta helburuak bilatzerakoan, indarrezko egiteekin gizartean edo bizitza politikoan eragin nahi denean…

1956.  urtetik 2016ra bitarteko denbora tartea aztertzea erabaki duzue. Zergatik denbora tarte hori? 
Urte horietan gertakari esanguratsuak eman ziren: migrazio mugimenduak, Munduko Euskal Batzarra Parisen, azken makiak... Francoren erregimenaren kontra saiatzen den belaunaldi berri bat sortzen da, baina gerra osteko erresistentziaren praktikaren ereduetatik kanpo aritzen da. Langileen borrokak berritzen dira 1956an, eta ikasleen lehen protestak ere ematen dira. Horren aurrean, erregimenaren erantzuna da lehen salbuespen estatua ezartzea. Orotara hamaika izango dira euskal lurraldeetako batean jarritako salbuespen egoerak.
Bestetik, estatu eta erkidegoko biktimeen legeak 1960ra jotzen dute, eta Lasarteko ume bat, Begoña Urroz, DRILek eginiko atentatuan hil zen urte horretan... Beraz, logikoa da ikerketa herri honetako azken 60 urteetan zentratzea.

Askok esango dute gatazkaren muina kanpoan geratu dela, alegia, 1936ko estatu kolpea. 
Guk atal edo garai hau landu dugu. Beste batzuk estatu kolpearen ostekoa landu dute. Lasarte-Orian esaterako, Islada Ezkutatuak garai horri lotutako ekimenak bultzatzen  ditu. Batak bestea osatuz joango gara hari guztia izan arte. Dena da beharrezkoa, eta ez da ezer kanpoan utzi behar. 

Euskal Herrian memoriarik egingo ez balitzateke zer eragin kaltegarri izango luke? Espainian frankismoaren ondoren ez da Egiaren Batzorderik eratu, eta ez da benetako memoria ariketarik egin, erakunde publikoen partetik behinik behin. Horrek izan al du eraginik ondoren Euskal Herriko gatazkan? Beste herrialdetako adibideak aztertu dituzue? 
Iragana arakatzeko munduan ekimen sorta zabala egin dute, baina zoritxarrez, oraindik ere, zenbait tokitan guztia egiteke dago. Urrutira joan gabe, Espainiako Estatuan ez daude hemen pixkanaka eta asko kostata onartzen ari diren legeak.  Oztopo handiak daude, baina ahalegin handiei esker bidea egiten ari gara. Egia ezagutzea da giza eskubideen oinarrizko zutabea. Egiarik gabe ez dago aitortzarik, ezta justiziarik edo erreparazioarik ere. Egiaren Batzorde bat, nazioarteko babesarekin eta adostasun zabal batekin, oso tresna ona izan daiteke. Edozein modutara, tokian-tokiko lan hauek, 107/2012 Dekretuaren balorazio batzordea, Memoriaren Plaza eta bikitma guztiei testigantzak jasotzea ere badira egia esateko moduak. 

ETAren biktimak ez ezik, beste taldeen eta estatuko krimenen biktimak ere jasotzen ditu zuen txostenak. Legeak babes bera ematen al die alde bateko eta besteko biktimei? Pauso gehiago eman behar dira alor horretan? 
Espainiako Estatuan kaltegile edo erasotzaileen arabera idatzi dira legeak. Erasotzailea nor den arabera arautu da. Alderantziz behar du izan, biktimaren ikuspuntutik sortu behar da legea. Hasierako legeen atzetik beste berri batzuk etorri dira, baina aitortza eta erreparazio eskubideak ez dira biktima guztientzat berdin izan.  Batez ere polizien biktimek, torturaren kasuak barne, sumatu dute babes falta hori. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen EAEn 1978 eta 1999 urteen artean izandako motibazio politikoko  giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak aitortzea, eta haiek erreparatzea. Baina Estatuko abokatutzak errekurtsua jarri du. Giza eskubideen Nazioarteko erakunde eta arauek argi eta garbi diote ezin dela bazterkeriarik egon biktimen artean. Bada printzipio hau betetzeko garaia. 

Txosten "bizia" dela diozue, irekita dagoelako jendearen ekarpenei. Jaso al dituzue dagoeneko? 
Kultur etxean txostenaren aurkezpenean ekarpenak egiteko modua adierazi genuen. Udalaren webgunearen bitartez egin daitezke, edo horretarako jarri diren baliabideen bidez. Udalak eta Bizikidetza Mahaiak jaso eta bideratuko dituzte. Animatu nahi ditugu herritarrak ekarpenak egitera, memorian aurrera egiteko.