Autobus murrizketak salatzeko eskuorriak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 23a, 10:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako autobus murrizketekin kezkatuta jarraitzen du Lasarte-Oriako EH Bilduk. Foru Aldundiari exijitu dio Lasarte-Orian lehen mailako autobus zerbitzua eskaintzeko. Herritarrak informatzeko eskuorriak banatuko dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu publikoan aurreikusi dituen murrizketak "larriak" dira Lasarte-Oriako EH Bildurentzat. Gaiarekin kezka agertu du beste behin alderdiak, eta murrizketak salatu eta herritarrei horien berri emateko eskuorriak banatuko dituzte. 

Pablo Barriok eta Leire Elizegi alderdikideek ohartarazi dute murrizketek eragina izango dutela herritarrengan. Autobusen ibilbidea aldatu, bidaiak gutxitu eta maiztasuna jaitsi egingo da. Horrez gain, gidariek ere lanpostuak galduko dituztela salatu dute. Ingurumenari dagokionean, nabarmendu dute mugikortasun jasangarriaren bidean emandako pausuak atzerapauso bihurtuko direla.

Egindako lana, eraginkorra 

Horrekin batera, murrizketen berri izan zen unetik alderdiak egindako lana "eraginkorra" izan dela jakinarazi dute Barriok eta Elizegik. "Ezkutatu nahi zituzten informazioak herritarrekin konpartitu ditugu, eta orain denek onartzen dute prozedura desegokia izan dela". 

Aldundiak onartu du akatsak egon direla aurkeztutako aurreproiektuan, eta zuzenketak egin beharko direla. Aitorpen hori "oso ondo" dago EH Bilduren ustez, baina ez da nahikoa; udalen, sindikatuen eta garraio erabiltzaileen parte hartzearekin lanketa egitea nahi du. 

Donostiako metroa

Beste salaketa bat ere egin du Barriok: "Autobus zerbitzuetan murrizketak planteatzen dituzte  EAJk eta PSEk, baina Donostiako metroa eraikitzeko 200 milioi euro gastatu nahi dituzte".