Eguberriak hasteko irrikaz dago jendea, familia eta lagun artean festez gozatzeko. Beroketa lanak egin dituzte askok San Tomas egunean. Arratsalde partean azokak hartu du Okendo plaza, eta jendez bete da. Ez du ezerk huts egin. Trikiti eta pandero doinuak, euskal abestiak eta erromeriak girotu dute azoka. Sagardoaren eta txistorra taloen bueltan bildu da jendea hitz egitera. Hemen ekitaldiko argazkiak.
Beste urte batez Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du San Tomas azoka Lasarte-Orian. Neguaren hoztasunak ez du jendea kikildu, eta plaza bete da. Gaztain erre beroek lagundu dute hotzari aurre egiten. Baserritar jantziek ere babestu dute jendea aire freskotik.
Haurren artean arreta gehien erakarri du zerriaren postuak. Aurten ere, zerramaz gainera beste sei bat zerrikume jarri dituzte ikusgai, hesiez inguraturik.
Institutuko ikasleek ez dute aukera galdu, eta txistorra ogitartekoak eta sagardoa saldu dute, ikasbidaiarako sos batzuk irabazteko. Halere, Ttakunen taloen postua izan da preziatuena; ilara luzeak sortu dira horiek eskuratzeko.
Ikuskizuna iluntzean hasi da. Ttirriki Ttarrakako lagunak oholtza gainera igo dira, trikitiarekin plaza alaitzeko. Xumela abesbatzakoek jarri dute ahotsa, zertxobait geroago. Dantzaldia, berriz, Erketzen eta Kukukaren esku geratu da. Azkenerako, plaza osoak bat egin du ikuskizunarekin.
Gorriz markatutako data da-eta San Tomas. Zaharrak, gazteak, helduak, ikasleak, langileak, erretiroa hartutakoak... Adin tarte eta mota guztietako pertsonek aprobetxatu dute gertukoenekin ospatzeko.