Udalaren aurrekontuaren 500.000 euro zertan gastatu erabakitzeko prozesua martxan da, eta hurrengo bi asteetan herritarrek bost proiekturen artean hautatu beharko dute. 1etik 5erako puntuazioa eman beharko dute lasarteoriatarrek, eta 2018. urtean udalak puntu gehien jasoko dituen proposamenak egingo ditu, betiere 500.000 euroko muga gainditzen ez duen bitartean.
Abenduaren 18tik hasita, hilaren 29ra arte izango da bozkatzeko aukera. Etxez etxe banatuko dituzte bozkatzeko eskuorriak. Derrigorrezkoa da norberak bere NAN zenbakia jartzea orrian, ziurtatzeko pertsona bakoitzak gehienez bozka bat ematen duela. Proposamenak udaletxe zaharrean, kiroldegian, kulturetxean eta anbulatorioan entregatu beharko dira, horretarako jarrita dauden gutunontzietan.
Uistin kaleko obrak, baimenik gabe
Udalak parte hartzeko deia egin du, herritarrek ere bere egin ditzaten aurrekontuaren erabakia. 2017an 151 lasarteoriatarrek hartu zuten parte prozesu horretan, eta 600.000 euro bideratu ziren aukeratutako bi proiektuetara: Askatasunaren parkean umeentzako jolas-gunea estalpetzea eta Uistin kalea berrurbanizatzea.
Laster aterako da Uistin kaleko obrak egiteko lizitazioa. Askatasunaren parkeko estalkiaren kasuan, berriz, ezin da obra egin, Eusko Jaurlaritzak inguru horri ezarritako babes bereziagatik. Udalak ez du jaso obra hori egiteko baimenik eta, ondorioz, beste aukera batzuk aztertzen ari da.