Lasarte-Oria, Michelin hirien sarearen barruan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 11:05

Hogei herrialdetako alkateak bildu ziren abendu hasieran Clermont-Ferrand Frantziako hirian, denak Michelin multinazionalaren bueltan. Horien artean egon da Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea.

Hogei herrialdetako alkateak bildu ziren abendu hasieran Clermont-Ferrand Frantziako hirian, denak Michelin multinazionalaren bueltan. Michelin Hirien I. Konferentzia egin zuten, eta enpresa horren lantegiren bat edo zentro teknologikoren bat duten herriak gonbidatu zituzten. Horien artean egon da Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea. Azaroaren 29tik abenduaren 1era bitartean hiri jasangarri bat eraikitzeko proposamenen inguruan eztabaidatu zuten bilkuran. 

Lehenengo bilkura Clermont-Ferrand hirian egitearen arrazoia argia da: bertan jaio zen Michelin. Orain, bigarren konferentzia egiteko egoitza bila daude, eta Gasteizek bere burua proposatu du. Lasarte-Oriak hautagaitza hori babestu du, eta ekimena prestatzeko laguntza eskaini du Zaballosek. Udalak aditzera eman duenez, "aukera paregabea" izango litzateke gisa horretako nazioarteko ekimen bat herrira ekartzeko. Beste hautagaia Guarulhos da, Brasilen. 

Hiri "gizatiarragoak"

Lehen bilkura horretan Michelin hirien sarea sortzeko nahia azaleratu dute, berrikuntza sozial eta teknologikoetako proiektuetan elkarlana bideratzeko. Dena helburu finko batekin: "hiriak gizatiarragoak eta jasangarriagoak" bihurtzea, herritarren mesederako.