Pasa den urteko arrakastari eutsi asmoz, zuzeneko musikak lagundutako argazki bilduma ikusteko aukera izango da larunbatean, Manuel Lekuona kultur etxean. Zero-Sette akordeoi orkestrak Lasarte-Oriako kirolaren historia izeneko diaporama antolatu du. Ekitaldia prestatzeko lan sakon bat egin eta gero, 413 istorio eta 510 argazki bildu dituzte, eta zuzeneko musikaz lagunduta, horiek erakutsiko dituzte kultur etxean.
Lasarte-Orian orain arte zeresan handia izan duten 25 kirol modalitateren errepasoa egingo dute bihar. Egun desagertuta dagoen automobilismotik hasi, eta golfa eta aerodromoko jarduerak bilduko dira argazkietan, baita herri kirolak, bola jokoa eta toka ere.
Horiekin batera, herrira "arrakasta olinpiko handiak" ekarri dituzten halterofiliaren, eskubaloiaren edota arraunaren irudiak ere ikusi ahal izango dira Manuel Lekuonan. Baita gaur egun Lasarte-Orian indar gehien duten saskibaloia eta futbola ere.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, diaporamak eskertza berezia egingo die kirol munduan ahalegin handia egin duten hamabost entitateri, eta baita kirol modalitate ezberdinetako 21 pertsonari.