Euskadik irabazi du lagunarteko saskibaloi txapelketa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko abe. 10a, 21:58

Punta-puntako saskibaloia eskaini dute kadete mailako Euskadik, Nafarroak, Galiziak eta Asturiasek asteburuan. Judith Navarro lasarteoriatarrak Euskadirekin lehiatu du, ederki gainera; lagunarteko txapelketa zakuratu du, hirutik bi norgehiagoka irabazita

Euskadik ez du jai hartu zubian. Lagunarteko giroan jokatu da txapelketa asteburuan, baina kantxara irten eta konpetitzen hastean txipa aldatu eta serio lehiatu du. Hirutik bi neurketa irabazi ditu, eta txapelketa ere bai. Jokalarien artean, herritar askorentzat ezaguna den aurpegi bat: Judith Navarro gaztearena. 8 zenbakia bizkarrean eta baloia eskuetan, etorkizun handiko kirolaria dela erakutsi du, etxean.

Nafarroak, Asturiasek eta Galiziak ere hartu dute parte txapelketan. Sei partida jokatu dituzte lau selekzioek: lau larunbatean, eta azkeneko biak igandean. 
Ostadar SKTren saskibaloi alorrak antolatu du kirol ekitaldia, Lasarte-Oriako Udalaren eta Euskadiko Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin. Hiru urte daramatzate Endika Marrahik eta enparauek maila oso altuko saskibaloia ekartzen herrira: infantil mailako neskak 2015ean, kadete mailako mutilak iaz, eta kadete mailako neskak, aurten. Jende askok kanpora joateko aprobetxatu du egun hauetan, baina, halere, harmailek itxura ona hartu dute asteburu osoan zehar.

Partidak eta emaitzak 

Euskadik eta Galiziak jokatu zuten txapelketako aurreneko norgehiagoka, larunbat goizean. Oso orekatua izan zen neurketa, baina azkeneko laurdenean beste martxa bat sartu eta garaipena eskuratu zuen Euskadik. Ordezkoen aulkian ekin zion neurketari Judith Navarrok; bigarren laurdenean kantxaratu zen aurrenekoz, eta baloi bat lapurtzeaz gain bi puntu lortu zituen, pare bat jaurtiketa libre saskiratuta. Arauzko 40 minutuak jokatuta, honakoa islatzen zuen markagailuak: 45-56, Euskadiren alde. Goizeko beste partidan, Asturiasek eta Nafarroak neurtu zituzten indarrak. Lehenengoek irabazi zuten, 59-53.

Arratsaldean, Asturiasen aurka aritu zen Euskadi, eta irabazi egin zuen, 56-45. Galiziak ere bai: 57-62, Nafarroaren aurka. Azkenik, igandean, Galiziak 65-54 irabazi zion Asturiasi, eta Nafarroak 65-70 Euskadiri. 

Ostadarren izenean, Endika Marrahi arduradunak eskerrak ematen dizkie Lasarte-Oriako Udalari, emandako laguntzagatik, eta baita Gipuzkoa zein Euskadiko saskibaloi federazioei ere: "Gugan konfiantza dutela erakutsi dute, beste urte batez".

Argazki galeria