Gai direlako, jai!

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko abe. 3a, 19:16

Hilabete eskas falta da 2017a bukatzeko, eta, urtea amaitu aurretik, Jalgune elkarteko kideek jaialdi erraldoia egin dute, erakutsiz edozertarako gai direla

Jalguneko kideak gai dira sekulako jaialdia antolatzeko. Gai dira Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa leporaino betetzeko. Gai dira ikusentzuleak hunkitzeko, eta barre-algaraka jartzeko. Gai dira hilabeteotan tentuz eta maitasunez entseatutako guztia oholtza gainera eramateko. Gai dira eguneroko errutinako enkargu eta zereginak egiteko. Gai dira bizitzaren momentu txikienetatik ere zuku guztia ateratzeko. Bai, gai dira. Edozertarako.

Lasarte-Orian gai gara leloa erabili dute aurtengo jaialdirako. Ausartuko gara gu ere esloganen bat proposatzen. Adibidez: Gai direlako, jai! Jaia, festa, eta nolakoa gainera. Atzo arratsaldeko bost eta erdietan hasi ziren Jalguneko kideak herria girotzen, Dinbi Banda batukada taldekoen laguntzaz. Beheko kaletik abiatu ziren, eta erdigunea zeharkatu eta gero, Manuel Lekuona kultur etxera iritsi. Prest zuten oholtza, eta ikusentzuleak arretaz begira, Jalgunekoek prestatutako sorpresak deskubritzeko irrikaz.

Dantzan, atsedenaldira arte

Esan dugu: Jalgune gai da edozertarako. Adibidez, dantzatzeko. Ederki, gainera. Horrela ekin zioten atzoko jaialdiari: oholtza gainera igo, musika topera jarri, eta gorputzak astindu, gozatu, ondo pasa. Tartean, 2017ko momentu onenak gogoratu zituzten, bideo baten bitartez: abuztuko oporrak Extremaduran, Semblante Andaluz elkartearen 25. urteurrenaren ospakizuna, Aspaceko lagunekin jolasten primeran pasa zuten eguna, eta beste hainbat. 

Datorren urteko jaialdiko bideoan sartzeko moduko erakustaldia etorri zen ondoren. Superheroiez eta hainbat pelikula famatutako pertsonaiez jantzita atera ziren oholtzara: E.T. estralurtarraz, El Guardaespaldas (Bizkartzaina) edota Titanic filmeko protagonistez... Euren gorputz-atalak bakarrik ez, imajinazioa ere jarri zuten dantzan oholtza gainean.

Dantzatzeaz gain, egunero-egunero hainbat gauza egiten ditugu, ia konturatu gabe askotan. Kontua da balioa eman behar zaiela horiei ere: gai izan behar da ogia erostera joateko, lore-sorta bat enkargatuta uzteko, tresnak konpontzera eramateko... Jalgune elkarteko kideak horretan ere trebeak dira, beste bideo batean erakutsi zutenez.

Semblante Rociero eta Xumelarekin batera

Jaialdiaren bigarren zatia Semblante Rociero eta Xumela koruetako kideekin hasi zuen Jalgunek. Oholtzaz gain, abesti, kantu eta maitasun keinuak partekatu zituzten beraiekin. Zorionak zuri abestu zuten, 25 urte bete dituelako Semblante Andaluz elkarteak; Mikel Laboak abesten zuen Hegoak ebaki banizkio ezagunari koreografia jarri; eta Manuel Lekuona kultur etxean zegoen pertsona oro dantzan jarri, Epo i tai tai e kantatuz. Bai: gai dira eurek bizitzaz gozatzeko daukaten gogoa transmititzeko.

Ez pentsa dantzatzeaz eta kantatzeaz nekatu zirenik aipatu bi koruekin taula gainean aritu eta gero. Beste sorpresa harrigarri bat zeukaten prest: binaka edo hirunaka, urrats batzuk aurrera eman eta mikrofono aurrera joaten hasi ziren, hainbat abestiren zatiak kantatzeko, eta aurreko hilabeteetan entseatutako koreografiak erakustera. 

Arratsaldean zehar erabilitako dinamika jarraitu zuten beste behin: zuzeneko emanaldiak, momentukoak, aurrez grabatutako bideoekin nahastu. Laburmetraia horiek hainbat irudi erakutsi zituzten, eta baita mezu indartsu eta balioak transmititu ere. Adibidez, honakoa: "Laguntza behar badut, eskatuko dut; laguntza gehiegik nekatu egiten du". Edo beste hau: "Despacito-despacito (pixkanaka-pixkanaka), gauzak egiteko gai gara". 

Talde argazkia, bukatzeko

Beste hainbat koreografia oholtzaratu eta gero, jaialdia biribiltze aldera, talde argazki erraldoia atera zuen Jalgunek, hainbat laguntzaile eta lagunekin batera. Txiki geratu zen auditorioko oholtza. 

Argazki galeria

Bideoteka