Adiskidetasun maratoia, kilometroz kilometro

Adrian Garcia 2017ko abe. 1a, 11:00

Herriko hemeretzi korrikalari helmugaratu dira Donostiako Maratoian. Kasu askotan talde lana berebizikoa izan da balentria osatzeko: Juarez sendiako lau kidek amaitu dute proba. Anabel Elenok hirugarren egin du, Olazagutiaren laguntzarekin

Urte guztia eman dute data horren esperoan. Baina entrenamendu luze eta sakrifizio askoren ordaina jaso zuten joan den igandean: Lasarte-Oriako hemeretzi herritarrek gurutzatu zuten Donostiako estadioko helmuga, maratoiaren 42.195 metroak osatuta. Batzuk adiskideek lagunduta egin zuten lasterketa. Beste batzuk, ordea, familian. Edonola ere, talde lanak garrantzia handia du atletismoan. Horrelaxe erakutsi du Juarez sendiak; Cecilia, Fernanda eta Leonardo Juarez anai-arrebak eta Guillermo Trombotti Fernandaren senarra harro daude. Ez bakarrik helburua bete eta balentria osatu dutelako. Batez ere, "familian gozatu" dutelako. 

Cecilia Frutadendaren inguruan elkartu dira asteburuko kontuak gogora ekartzeko. Herrian jakina da familiak egindakoa, eta jendea gerturatu  zaie zorionak ematera. 

Ceciliak eta Fernandak bigarren maratoia dute, eta aldez aurretik ezarritako helburua bete dute: lau ordutik jaistea. Ia elkarrekin iritsi ziren helmugara, bi minutuko aldearekin. "Hunkitu egin nintzen iristean, eta ahizpa eta biok besarkatu egin ginen", dio Ceciliak.

Bakoitzak bere lasterketa egin du, nork bere erritmora. Baina proba osoan ez diote elkarri animatzeari utzi. "Biretan gurutzatzen ginenean garrasi egiten genion elkarri, indarrak emateko", esan du Fernandak. "Nire arrebekin gurutzatu naizen bakoitzean hunkitu egin naiz", Leonardok. Cecilia: "Oso polita da. Nahiz eta bakarrik korri egin, sentitu dut laurak ari ginela gauza bera egiten, familian, eta indarrak eman dizkit horrek". Trombottik ere atsegin du giro hori: "Ez da lasterketa bakarrik. Aurreko uneak eta ondorengoak ere badira". 

Prestaketa denek batera egin dute. Alde batetik, Trombotti eta Leonardo. "Asko lagundu dit koinatuak", dio Leonardok. "Ni baino indartsuago dago, baina nahiko pareko gabiltza. Eta entrenatzeko kilometro asko egin behar direnez, laguntza oso eskertzekoa da". Laurak batera ere atera izan dira entrenatzera, noizean behin.  

Familia kideen artean oraindik eztabaidan daude, ea maratoia egingo ote duten hurrengo urtean.   "Hilabete batzuk barru erabakiko dugu", ebatzi du Fernandak.Nolanahi ere, igandeko probarekin denboraldia amaitutzat jo du familiak. San Silvestren  korri egingo dute, familia guztia batera berriz ere. "Baina desberdina da, mozorroturik aterako gara, ondo pasatzera". 

Eleno, hirugarren

Badira herrian zorionak jaso duten beste hainbat korrikalari. Anabel Eleno da horietako bat. Eta ez da gutxiagorako: iazko marka hobetu, eta hirugarren egin du beteranoetan. Juarez sendiaren moduan, talde lanak garrantzia izan du Elenoren arrakastan; Javi Olazagoitia adiskideak egin dizkio erbi lanak. "Kilometroa 4:20ra joateko adostua genuen, eta berak erritmoa jarri du. Anoa postuetan bera arduratu da ura emateaz. Oso lagungarria egin zait. Ez diot ordulariari arretarik jarri ere, dena kontrolatu du berak". Modu horretan, energia aurreztu ahal izan du korrikalariak. "Javi jarraitu besterik ez nuen egin behar".  

Baina hori bakarrik ez. Etengabe animoak jaso ditu lagunaren partetik. "Batez ere, azken hamar kilometroetan, oso nekatuta nengoenean". Izan ere, estrategia aldatu du Elenok. Donostiari bi itzuli egiten dizkio maratoiak, eta iaz bigarren itzulia lehenengoa baino azkarrago egin zuen, indartsu amaitzeko. Aurten erritmo bizia jarri du hasieratik, baina bigarren itzulian zertxobait motelago joan da. "Erritmoa lasaitu behar izan dut, eta tripako minarekin amaitu dut. Pena eman dit indartsu ez bukatzeak. Baina bestela ez nuen marka hautsi ahal izango". 

Lasterketaren azken zatian behin baino gehiagotan esan dio Olazagoitiari aurrera egiteko. Baina hark ez du bakarrik utzi. Batera helmugaratu dira azkenean. Eta helmugan biek ospatu dute Elenoren hirugarren postua. Izan ere, neurri batean garaipena berea ere egin du adiskideak.  

Lasarte-Oriako korrikalariak

• Richard Marcos: 2:57:24 
• Javier Olazagoitia: 3:05:50.
• Anabel Eleno: 3:05:50
• Guillermo Trombotti: 3:12:48
• Antonio Urruzola: 3:25:14 
• Gorka Urruzola: 3:25:15
• Javier De Sosa: 3:26:19
• Leonardo Juarez: 3:26:20 
• Salvador Tudela: 3:37:06
• Aitor Otamendi: 3:45:26
• Naiara Mendiluze: 3:45:27
• Naiara Hernandez: 3:46:27 
• Cecilia Juarez: 3:52:16
• Fernanda Juarez: 3:54:38
• Igor Sevillano: 3:58:03
• Garikoitz Urruzmendi: 4:00:23
• Alfredo Cidoncha: 4:02:25
• Arantxa Zapata: 4:06:21 
• Alain Urkola: 4:22:46