Larrialdietarako irteera izango du Biyak Bat zaharren etxeak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 1a, 10:45
Lasarte-Oriako Udalak lokal bat erosi du Andapa kalean, Biyak Bat egoitzari larrialdietarako irteera jartzeko

Lasarte-Oriako Udalak lokal bat erosi du Andapa kalean, Biyak Bat egoitzari larrialdietarako irteera jartzeko.  "Beharrezko" azpiegitura dela azpimarratu dute udal teknikariek. Zaharren etxeko erdiko sototik izango dute sarbidea larrialdietarako irteerara.

Udalak jakitera eman duenez, 42.680 euroko kostua izan du lokalak, eta orain, erabilgarri izan dadin beharrezkoak diren obrak egin beharko dituzte. Horiek, egoitzan zenbait aldaketa egitera behartuko ditu; gizonezkoen ile apaindegia eta trastelekua, lekuz aldatu beharko dituzte, besteak beste.

"Pozez" hartu dute berria Biyak Bat egoitzako kideek, urteak egon baitira larrialdi irteera baten esperoan. Sotoan ekintza ugari egiten dituzte, eta larrialdi irteerarik ez edukitzea "arriskutsua" dela azpimarratu dute.

Orain, lanak amaitzeko denbora bat beharrezkoa izango dela kontutan hartuta, lehenbailen lokala prest egotea desio dute.