Clecek. S.A kudeatutako Atsobakar egoitzak eta eguneko zentroak “ elkartasunezko artilelanak” programaren baitan,urtero bezala, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunari bere babesa adierazi dio. Horretarako, egoileei, pertsona erabiltzaileei, langileei, Nagusilaneko boluntarioei , Emakumearen Zentro eta 'Ganchilleando Estella' taldeari, 20x20 neurriko laukiak egitea (puntuz eta gantxiloz) gonbidatu zaie.
Helburua da artilelanen bitartez egun horri behar bezalako oihartzuna ematea. Azken hilabeteotan gure nagusiek hain trebe diren artilelanetan murgildurik egon gara, eta gure erronkari gehituz joan dira bizilagunak, zentroko lagunak…etxeko haurrak ere parte hartu dute telare tailerraren bitartez.
Partehartzaileen artean ehun eta laurogeitik gora lauki, lore, tximeletak eta paparreko orratzak egin dira, guzti horiekin egoitzaren zutabe eta zuhaitzak jantzi dituzte. Horma nagusian ipini duten lazo erraldoia ere, egoile batek egina da.
Aipatutako kolaboratzaile guztiekin batera, Atsobakar osatzen dugunok, ekintza hau aurrera eraman ahal izateko jaso dugun laguntza eskertu nahi dugu, eta aldi berean genero indarkeria jasaten duten emakumeei geure gertutasuna adierazi, puntu bakoitzarekin gure pentsamenduetan egon direla jakinaraziaz.
Urtean zehar 'elkartasunezko artilelanak' behin eta berriz bilduko gara artilearen bero xamurra behar ezberdinak dituztenei eskaintzeko. Atsobakarretik, parte hartzaileei jakinarazi nahi diegu "gustura asko" jasoko ditugula parte hartzeko eskaintza berriak, eta nahi duena gehitu daiteke proiektu honetara, adinak ez baitu inporta.