Dena politikaren menpe?

Jexux Artetxe 2017ko aza. 24a, 09:55
Indarkeriaren menpekoa ez litzatekeen elkarbizitza sanoa nahi dugula diogu. Ba, jabetu gaitezen ETAren ekintzak amaitu zirenetik bizi dugun aldartea baino hobeagorik ez dugula sekula izan, eta izango al dugu inoiz?

Indarkeriaren menpekoa ez litzatekeen elkarbizitza sanoa nahi dugula diogu. Ba, jabetu gaitezen ETAren ekintzak amaitu zirenetik bizi dugun aldartea baino hobeagorik ez dugula sekula izan, eta izango al dugu inoiz? Urteetan zabaldutako izuak arrasto sakonak utzi ditu gure auzo eta herrietan. Ahantzi ezinezkoak. Kalean, txolartean edo lanean, oraindik mesfidati agertzen gara, jende jakin baten aurrean. Lan franko egin beharko dugu urteetan eragindako ankerkeriak elkarbizitzan utzitako miseria eta zauriak leuntzeko, askorentzat sendagarririk ez baita izango. 

Aitor dezagun, lehenengo eta behin, etorkizunari begirako bizikidetza berriak zoladura etiko irmoa behar duela. Elkarrekin bizi garen guztiok partekatu behar duguna. Bizikide izan nahi dugun giza-bakoitzaren bizia eta biziera duina segurtatzeko baliagarria beharko lukeen oinarria izan behar dena. Segurtasun horrek, ezinbesteko duen irmotasunaz gainera, iraungarria behar du izan. Beraz, politikari bakarrik ezin zaio eginkizun hori egotzi. Politika, izaeraz, eremu igarokorra da, alderdien arteko lehia taktizistaren menpe baitago. Horrexegatik, bizikidetzaren funtsa diren giza-balioak ezin ditugu axolagabe utzi politika gorabeheratsuaren azpian. Aitzitik, giza-balioak biltzen dituen etikak mugatu egin beharko luke politikaren ekite-esparrua.

Zoru etikoa deitu ohi zaio bizikidetzaren oinarriari. Ezinbestekoa den oinarria, gaurtik aurrerako elkarbizitza normaldu nahi badugu, behinik behin. Etxea ezin daiteke teilatutik eraiki, aurrenik zoru sendoa behar du. Horretarako, ondo letorkiguke elkarrenganako fidagarritasun etikoa sortzea. Baina, urteetako kalte zuzengabea sortu dutenen autokritika etikorik gabe ez dugu lortuko konfiantza hori.