Lanbidek tokiko ekintzak eta proiektu bereziak gauzatzeko diru-laguntzak jarri ditu martxan. Horiei esker, Beterri-Buruntzako Udalek proiektu ezberdinak kudeatuko dituzte eskualdeko langabetuen lan egoera hobetzeko asmoz.
Hiru eremu ezberdinean eragingo da: eskualdeko enpresei kontratazioak egiteko diru-laguntzak, udaletxeetan egitasmo ezberdinak aurrera eramateko kontratuak eta gizartean baztertutako emakumeei bideratua dagoen prestakuntza enplegu programa.
Egitasmo hauek Lanbide eta Beterri-Buruntza eskualdeko udalek egindako ekarpen ekonomikoari esker eramango dira aurrera.
Enpresak
Lanbidek 33 diru-laguntza eskainiko ditu Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnieta udaletako enpresei. Eskualdeko langabetuei zuzendutako kontratuak izango dira. Horiek gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango dute eta lanaldi erdikoak edo osokoak izan behar dute. Kontratuak Lanbidek kudeatuko ditu. Interesa duten enpresek Andoiango Lanbide bulegoan eskatu behar dituzte diru-laguntzak.
Udaletxeak
Beterri-Buruntzako udaletxeetan 22 kontratu egingo dira. Lanbidek kudeatuko ditu eta bertan eman beharko da izena. Kontratu bakoitzaren iraupena proiektuaren araberako izango da. Kontratuek bataz besteko 5 hilabeteko iraupena izango dute eta lehentasuna izango dute eskualdeko biztanleek.
Batzuk gazte langabetuei eta emakumezkoei zuzendutako kontratuak izango dira: orientatzailea, kontrataziorako diru-laguntzen dinamizatzailea, produktu turistikoak garatzeko pertsona, sagardo botilen birziklapenaren bideragarritasuna aztertzeko pertsona edo maskoten kontzientziazio kanpaina egiteko bi pertsona.
Lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten taldeentzat berriz, postu hauek izango dira: 4 basoko langile, lehenengo mailako ofiziala (basozain, margolari edo igeltsero) eta 6 peoi.
Ostalaritza
Bestalde, Ostalaritzako enplegu prestakuntza egitaraua jarriko da martxan. Hau turismo eta ostalaritza arloan lan egin nahi dutenei zuzendua dago. Helburua diseinatutako ibilbide profesionalari esker eskualdeko langabetuen laneratzea erraztea da.
Bi zati ditu prestakuntzak. Batetik ostatu etxebizitzetan oinarrizko lanak egiteko gaitasun ziurtagiria lortuko da. Cebancek eskainiko du ikastaroa eta 15 pertsonek izena eman dezakete. Bigarren zatian 15 ikasleetatik 10ei sektoreko enpresetan kontratua egingo zaie Lanbidek eskainitako diru-laguntza eta Beterri-Buruntzako udalen elkar lanari esker. Kontratu horiek 6 hilabeteko iraupena izango dute eta lanaldi osokoak izango dira. Lanbidek egingo du aukeraketa.