Lanak eduki ditu kazetariak kronika hau fundamentuz idazteko. Behatzek dar-dar egiten zioten, kaletik bulegora joan berritan. Hilen artetik etorritako zonbiek hartu dute Lasarte-Oria larunbat gauean, eta herritarrak gogotik izutu dituzte. Survival Zombie jokoan parte hartu duten 1.300 pertsonak alde batetik, eta lasarteoriatar arruntak bestetik.
Lepo zegoen Okendo plaza gaueko hamaika t'erdietan. Horren ona izan da parte-hartzaileen erantzuna, horrenbeste jendek eman du izena, ordu erdiz atzeratu behar izan zutela jokoaren hasiera. Lasai antzean zeuden goizaldera bizirik iritsi behar zuten pertsonak, Antonio Mercero gunetik, ustekabean, zonbi oldea agertu den arte. Haragi gosez zeuden zonbiak, odol egarriz, eta pertsonei hozka eginez asetu dira.
Euskal Herrian, aurrenekoz
WRG World Real Games enpresak bost urte daramatza Survival Zombieren gisako ekitaldiak antolatzen. Aurten etorri dira aurrenekoz Euskal Herrira, eta nabaritu da. Lasarte-Oria bezalako herri txiki batera etorri dira Euskal Herri osoko pertsonak, rol-joko famatu honetan parte hartzera. Diego de la Concepcion WRG enpresaren jabearen hitzetan, "oso ongi" erantzun du jendeak. Lasarte-Oriako Udala duela hiru hilabete jarri zen harremanetan beraiekin: "Nahiago ditugu herri txikiagoak gure rol-jokoa egiteko, xarma gehiago daukate. Asko gustatu zaizkigu Oriako Karmengo Amaren kapera eta Plazaolako zubia, adibidez, gure eszenak egiteko toki oso aproposak dira". 80 langile arduratu ziren zonbiak makilatzeaz, parte-hartzaileei harrera egin eta informazioa emateaz, argazkiak ateratzeaz eta irudiak grabatzeaz.
Zonbiak biziki beldurgarriak izan badira ere, parte-hartzaileek primeran pasa dute eta pozik joan dira etxera. Survival Zombie ez da izan asteburuko ekintza berezi bakarra: Ostadar SKTko saskibaloi alorrak eta Eguzki areto-futbol taldeak ginkana antolatu zuten gazteentzat. Maialen Chourraut kiroldegian elkartu ziren.