Indarkeria matxistaren aurka, hainbat ekintza egingo dituzte Lasarte-Orian. Horien berri eman dute Udal ordezkariek eta teknikariek Emakumeen Zentro Zibikoan.
Lurdes Acevedo, Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu du "herritarrak kontzientziatzea" dela helburu nagusia: "bortizkeria matxistarekin amaitzea denon lana da, gizonezkoena zein emakumeona, salbuespenik gabe".
Sentsibilizazioa ezinbestekoa dela nabarmendu dute Udal ordezkariek, eta horretarako, aurreko urteen antzera ekintza konkretuak egingo badira ere, urte osora zabalduko da lanketa.
Astelehenean egingo da lehen ekintza. Antonio Mercero Gunean Egurra erakusketa zabalduko da. Inge Mendiorozen lasarteoriatarraren lana izango da ikusgai, hilaren 24ra arte. Gure egunerokotasunean isilean gorde ohi diren, baina entzuten eta ikusten ditugun indarkeria egoerak azaleratuko ditu galeriak. Gaiaz hausnartu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Azaroaren 22an, herriko txoko ezberdinetan emakumezkoen hainbat silueta jarriko dira. Horietan aurten, Lasarte-Orian, Gipuzkoan, Euskadin eta Espainian indarkeria matxistaren ondorioak irakurri ahal izango dira. "Datu benetan gordinak bilduko dituzte irudi horiek", azaldu du Acevedok. Datuekin batera, laguntza eskatu ahal izateko telefono zenbaki bat ere agertuko da siluetetan.
Hilaren 23an, berriz, udal liburutegian, "Txoko Lila" irekiko dute. Umeek berdintasunean eta hezkidetzan oinarritutako ipuin eta liburuak irakurri ahal izango dituzte bertan. Arratsaldeko 17:30ean zabalduko da, eta bertaratzen diren neska zein mutilen artean gozokiak banatuko dira. Ordu erdi beranduago, 18:00etan, Beatriz Egizabal ipuin kontalariak Baziren behin… neska abenturazaleak eta mutil ameslariak ipuina kontatuko die 5 urtetik gorako umeei. Bukatzeko, Beldur Barik bideo-lehiaketa lokalaren sari-banaketa egingo da 17:00etan, Gazte Klubean.
Azaroaren 24an, ostirala, antzerkia obra bat ikusteko aukera izango dute herritarrek. Emakumearen Zentro Zibikoko Makelur taldeak Lo que tú quieras Bernarda, y las demás… ¿qué? antzerki-lana interpretatuko dute.
Azaroaren 25ean, berriz, Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izanik, kontzentrazioa egingo dute 11:30ean, Okendo plazan.
Bukatzeko, azaroaren 26an, Manuel Lekuona kultur etxean Una mujer fantástica filma proiektatuko da. Txilen kokatuta dagoen drama lan bat da, eta emakume transexual baten bizitza du oinarri, eta berak jasandako indarkeria matxista ikusaraziko du ikusentzunezkoaren bitartez.