Maite Toyos eta Pello Lizarraga: "Umore onez erantzun behar dugu, besterik ez dugulako"

Adrian Garcia 2017ko aza. 17a, 10:59
Santi Arrozpidek 30 urte bete ditu kartzelan. Haren gertukoek ez dute galdu laster kalean ikusteko itxaropena, baina ez dira fio. "Ez da justizia kontua, politika baizik"

Bizitza erdia baino gehiago barrote artean eman du Santi Arrozpide lasarteoriatarrak. Frankismo garaian sartu zuten preso lehen aldiz, eta 1977ko amnistiarekin askatu zuten. Baina gerora denbora gehiago eman du espetxean kanpoan baino. Hain zuzen, hilaren 14an bete zituen 30 urte preso; denbora gehien daraman euskal presoa da. Tartean eman ditu egun gutxi batzuk aske. 27 urte Frantzia eta Espainiako kartzeletan bete ondoren, 2014. urte amaieran askatu zuten. 45 egunera atxilotu zuten ostera, kargu berriak aurkeztuta. Egun Topaseko espetxean dago (Salamanca, Espainia). "Bazekien atzetik etorriko zitzaizkiela, ez zuen ekipajea desegin", esan dio TXINTXARRI-ri Maite Toyosek (Ziburu, Lapurdi, 1951), haren emazteak. Pello Lizarraga (Lasarte-Oria, 1947) Arrozpideren haurtzaroko lagunak ere erantzun ditu aldizkari honen galderak. 

Nola ikusi duzue Arrozpide azken bisitetan. Nola dago osasunez eta animoz? 

Maite Toyos: Osasunez oso ondo dago. Diziplina handia du; bere gorputza eta burua ondo kontrolatzen ditu, eta goizean goiz jaiki, gimnasia egin eta lana egiten du. Garrantzitsua da berarentzat zerbait egitea. Osasuna zaintzen du, eta batez ere, arreta handia jartzen du elikaduran. 

Europako Batasunaren legeen arabera, kalean behar luke Arrozpidek, Frantzian emandako kartzela urteak kommutatu beharko liratekeelako. 

M.T.: Ez dute onartu zigorren kommutazioa. 2014ko abenduaren 4an atera zenean, agirian jarri zioten behin betiko ateratzen zutela kartzelatik. Eta gu pozik atera ginen, eta normaltasunez hasi ginen bizitzen. Baina asmatu egin dituzte karguak, eta Europako lege horiek urratu dituzte. Bi kasu zahar aurkeztu dituzte; bere garaian baztertuak izan ziren errefuxiatu politikoaren estatusa zuelako. Eta hogei urte eduki dute kartzelan, baina ez  dizkiote inoiz auzi horiek leporatu, ez zuten inoiz estradizioa eskatu. Kartzelatik atera direnean erabili dituzte auzi horiek berriro espetxeratzeko, nahiz eta zigorrak 30 urteko espetxealdia gainditu. Aitzakia bat bilatu nahi izan dute. 

Aske geratzean pentsatu al zenuten horrelakorik gerta zitekeela? 

M.T.: Bai. Seguru geunden kartzelatik ateratzean berriro sartuko zutela. Ekipajea ere ez zuen desegin. Bazekien bueltatuko zela. Ez da erraza izan; beti itxaropena izan dugu, justizia noizbait beteko delakoan. 

Bide judizialik irekita al dago espetxeratze aginduaren aurka?  

M.T.: Espainiak Europako legea bere erara interpretatu du, eta zalantza  ugari sorrarazi dituzte Europako Justizia Auzitegian, Luxenburgon. Espainiak txosten bat aurkeztu behar du auzitegi horretara, eta gero ebatziko dute arrazoia nori eman. Baina oraindik ez du txostena igorri, eta, horrenbestez, Santik kartzelan jarraitzen du. Abokatuek Giza Eskubideen Auzitegira jo dute, baina erantzunak luzerako jo dezake. Eta bitartean, Espainia denbora irabazten ari da. 

Mendeku zantzurik ikusi al dizkiozue espetxeratze horri?

M.T.: Ez da justizian oinarritutako  erabakia. Politika da. 

Pello Lizarraga.: Legea dute beti ahotan, baina gero ez dute errespetatzen. Adibidez, espetxe politika aspaldi behar luke eskualdatuta EAEra. Espetxe guztietan jarrita dute, buruz dakit dagoeneko: "25.2 artikulua: azken helburua da presoak gizarteratzea...". Nola nahi dituzte gizarteratu, jipoika? 

Espetxean denbora gehien daraman euskal presoa da. Zigorra betetzen badu, noizko espero da berriro aske geratzea?  

M.T.: 1975ko zigor kodearen barruan epaitu zuten, eta, beraz,  aplikatu behar zaizkion eskubideak ditu. Zigorren beherapenarekin 2019an atera daiteke. Beharbada. Baina jurista batzuk tartean sartu dira, eta esan dute ez dituela eskubide horiek, eta, ondorioz,  2025era arte kartzelan egon behar duela. Gure abokatuek diotenez, ezinezkoa da atzerako eraginez beste neurriak aplikatzea. 2019an atera beharko litzateke, baina ezin dugu ziurtzat eman, une oro zerbait asmatzen dute eta. Europaz ere ezin fidatu gaitezke; herritar baten aurrean nahiago du estatu bat defendatu. 

Sara zure bizilekutik Topas presondegira 500 kilometro inguru daude. Joan-etorrian 1.000 kilometro baino gehiago dira. Nola moldatzen zara bisitak egiteko orduan?  

M.T.: Nire ahizparekin bizi naiz, eta lanean egun bateko baimena hartzen du ni eramateko. Nik ez dut gidatzen, bidaia luzea delako eta asko nekatzen naizelako. Lo joan ohi naiz. Beste batzuetan, hiru hilabetero edo, Santiren lagunekin joaten naiz. Beti badago norbait prest nirekin joateko. Orduan Lasartera etortzen naiz lo egitera, Salamancara joaten gara, bazkaldu, eta bisita egiten dut. 19:00etan itzultzen gara, berriz lo egiten dut Lasarten, eta hurrengo egunean goiz joaten naiz etxera, abereak ditudalako zaintzeko. 

Urrunago dauden espetxeetan egona da, baina, halere, bidaia luzea da.   

M.T.: Asko nekatzen naiz. Adinean gora goaz, eta nik ere baditut osasun arazoak. Oso zaila egiten zait astean zehar errekuperatzea. Horregatik, aldi batean pilatzen ditut hilabete guztiko bisita orduak.

P.L.: Villenara [Alacant, Espainia] 700 kilometroko bidaia egiten genuen. Eta egun batean joan-etorria egin izan dugu, 1.400 kilometro.  

Bidaiaren kostu ekonomikoaz gain, oso kontutan hartzekoa da errepidean istripua izateko arriskua.  

M.T.: Gasolina, jatekoa, autoaren mantentzea... Gutxienez bidaia bakoitzeko 150 euro dira. Asko kezkatzen da Santi bidaia egiten dugun bakoitzean, istripua izan dezakegulako. Beti eskatzen digu iristerakoan deitzeko. Eguraldi txarra badago, nahiago du bisitarik ez jaso, arriskua saihesteko. 

P. L.: Bai, Puerto Santa Marian  [Cadizen] zegoenean, bisitan zihoazen lagun batzuk izan zuten istripua, baina isilean gorde zuten, ez zutelako Santik jakiterik nahi. Bisita egiterakoan beti behartzen gaitu Maiteri deitzea, jakiteko onik itzuli garela. Buruan oso sartuta dauka  hori. Orain gutxi izan du biloba bat, bi dauzka guztira, baina ez du bisitan joaterik nahi istripuak saihesteko. Lasarten bertan ikusi dugu zer arrisku duten bidaia horiek.  Gainera, Santi eta Balerdi elkarrekin egon ziren Almerian. [Juancar Balerdi presoaren bi senide hil ziren istripuan 2003an, hura bisitatzera zihoazela]. 

Nolako eragina du dispertsioak zuen bizitzan? Zer eragin du Arrozpide urruneko kartzela batean egoteak?  

M.T.: Janaria aldez aurretik prestatu behar dut, abereak egun pare batez bakarrik geratzen direlako. Estres handia da. Dena antolatu, autopista hartu... Dena korrika batean egiten dugu. Bisitara sartzean lasaitzen naiz. Familia eta kartzelan direnak suntsitzea du helburu espetxe politikak. Baina umore onez erantzun behar dugu, besterik ez zaigulako geratzen.   

P. L.: Nik nahiago dut bidaian lo egin eta lasaiago etorri. Igandean joatekoa nintzen, eta nekazaritza etxe bat hartuta neukan orain dela hilabete batetik. Kontua da alabari lagundu behar diodala, eta Madrilera joan behar dut. Nire alaba urruti dago, baina baita Santi ere, eta zerbait eskatzen duenean hara joan behar da. Orain erretiroa hartu dut, eta egunak igaro ditzaket etxez kanpo. Plan bat egiten dugunean beti begiratzen dugu nola uztartu dezakegun Santiren bisitarekin. 

Haurtzarotik ezagutzen duzue elkar. Nola aldatu du harremana horrenbeste urteetako kartzelaldiak? 

P.L.: Etxe berean jaio ginen, eta elkarrekin joan ginen eskolara. Gazte garaian mendiko zaletasuna zuen, eta Tolosan egiten zuen bizitza. Orain lehen baino harreman estuagoa dugu. Atxilotu zutenean, Fresnesen (Ile-de-France, Frantzia) atxiki zuten, eta ni ez nintzaion joan bisitatzera. Geroztik bai, Bois d'Arcy, Osny eta Saint Martin de Ren egona naiz.  

M.T.: Ni harrituta geratu naiz  Lasarten topatu dudan adiskidetasunarekin. 

Harreman hori indartu egin da, beraz, kartzelaldian? 

P.L.: Oso ondo eramaten gara orain. Bisitako lagunen zerrendak aldatu behar dira sei hilabetero, eta hori nik kudeatzen dut. Horregatik, nirekin haserretzen denean esaten diot lagunik gabe geratuko dela.

Asko eztabaidatzen al duzue bisitetan? 

P.L.: Oso zorrotza da. Askotan esaten digu gaizki egiten ari garela gauzak. Ez politikan bakarrik, beste alor askotan ere. "Baina zer ari zarete egiten, hori ez da horrela", errieta egiten digu. Guk esaten diogu: "Badakik, atera eta zuzendu gauzak". Horrenbeste urte egon da barruan, ezen batzuetan ez dituela ulertzen kanpoko kontuak, edozein txikikerik denbora eskatzen duela. Agian arrazoi izango du, eta gu ardi batzuk bihurtu gara. 

M.T.: Berak bere buruan gauzak sistematikoki antolatzen ditu. Nik esaten diot kanpoko gauzak aldatu egiten direla. Telebistan gauzak nola aldatu diren ikusten duela erantzuten du. 

ETAk jardun armatua utzin zuen 2011n, eta aurten armagabetu da. Halere, presoen alorrean hasiera bateko itxaropenak ez dira bete. Nola eman daitezke pausoak presoen aldeko borrokan? 

M.T.: Dirudienez gauzak zertxobait mugitzen ari dira Frantzian. Borroka luzea da, batez ere barruan daudenentzat eta senideentzat. Baina itxaropena ez dugu galdu denak etxean ikusteko. Erabakia politikoa da, ez da justizia kontua. Baina beti gaude prest oztopo gehiago aurkitzeko. Frantzia hasita Espainiak beste ikuspegi bat har dezake, baina ikusi dugu estatuak nola erantzun duen Katalunian. Beldurra ematen du horrek, horma bat dugu aurrean, eta ez du konponbiderik nahi. 

P.L.: Eta ez hori bakarrik. Nahiz eta borroka armatua amaitu, salbuespen legeek jarraitzen dute. Hor daude Altsasukoak, adibidez.