Banaketak

Aizpea Amas 2017ko aza. 17a, 10:05

"Jertse hori erosten badugu?", galdetu du umeak. "Ez, maitea, hori neskena da", erantzun dio amak; bote prontoan, inolako dudarik gabe. Nola, ba, eduki. Haurren arropa denda pasillo batek banatuta dago. Alde batean, pastel-koloreak, loretxodun marrazkiak eta soinekoak. Beste aldean, kolore beroak, marrazki ganberrodun kamisetak eta galtzak; bakarrik galtzak, soinekorik ez. Eta zalantzarik geratzen bazen, etiketan, hau: BabyGirl eta BabyBoy. Eta kitto.

Kalean, Gabonetako argiak ikusten hasi garen honetan, oparien katalogo goiztiarrenak ere hasi dira agertzen. Eta salbuespenak salbuespen, inork ez du zalantzarik edukiko mota bateko opariak norentzat diren eta beste mota bateko opariak, berriz, norentzat diren adierazteko unean.

Baina nortzuk erabiliko dituzte jostailu horiek? Neskentzako jertse hura nahi zuen umeak zer pentsatuko du? Agian, ez zion batere garrantzirik emango, baina hala ez balitz? Zein katalogok ordezkatzen du panpinari biberoia ematen dion mutila? Eta zer gertatzen da garabi bat gidatzen duen neskarekin? Beharrezkoa al da genero bereizketa hori egitea? Ez al dugu ume horiek etorkizunean berdintasunean bizitzerik nahi?

Zurrunbilo kontsumista honen tartean argi izpiren bat ere agertu da postontzian: Ipuin eta Liburu Moreen Gida. Udal liburutegian bertan berdintasunean eta dibertsitatean oinarritutako balioetan oinarritutako materiala aurki daitekeela azaltzen du. 

Honekin guztiarekin, behintzat, badakit zer eskatuko diedan Olentzero eta Mari Domingiri: katalogo arros-urdinei kasurik ez egiteko.