Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako autobus zerbitzuen aurreproiektuak tira-bira handia sortu du jendartean. Murrizketa horien aurka, mugimenduan dira herritarrak, eta politikariek ere gaiari heldu diote. Astearteko udalbatzarreko gai nagusietako bat izan zen hori, eta alderdien arteko desadostasunak agertu baziren ere, alderdi sozialistaren mozio alternatiboak egin du aurrera.
Mozioa bozkatu aurretik, EH Bildurena izan dute hizpide; Foru Aldundiaren proiektua "bertan behera" uzteko eskaera egin dute, txostena lantzeko eragileekin elkarlanik egin ez dutela argudiatuta. ADLOP Ahal Dugu Lasarte-Oria Podemos alderdiak bat egin du puntu horretan, eta eragileekin egin beharreko lanketa defendatu du Arkaitz Naya bozeramaileak.
Alderdi Sozialista (7 boto) eta EAJ (2 boto) mozioaren aurka agertu dira. EAJko Estitxu Alkortak onartu du gaiaren azterketa ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena egin behar dela. "30 urteko atzerapenarekin heldu da lizitazio hau, eta orain, ezin da geldiarazi".
PSEko Hirigintza zinegotzi Agustin Valdiviak, berriz, azaldu du egin beharreko lanak egin dituztela: "Helegiteak aurkeztu ditugu, eta bildu gara Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin". Horrekin batera, aurreproiektu bat dela gogorarazi du; oraindik lantzeko eta behin betiko proiektua aurkezteko dago. Azalpenaren ostean, mozio alternatiboa aurkeztu du, eta EAJren babesarekin eta PPren abstentzioarekin aurrera atera da.
Autobusen gain, Kataluniaz ere aritu dira. Errepublika Estatu Independente gisa aitortzeko eskaera egin dute EH Bilduk eta EAJk, baina PSEren, ADLOPen eta PPren aurkako 11 botorekin baztertua geratu da. Alderdi Sozialistak eta ADLOPek mozioan aurkeztutako zenbait punturekin ados jarri arren, Nayak mozio alternatiboa aurkeztu du, baina ez du aurrera egin.
Urnietako adibidea ekarrita, txartel bakarraren gaia ere jarri du mahai gainean ADLOPek. Udal zerbitzuak baliatzeko, eta "zerbitzu hobeago bat" eskaintzeko bide ikusten du, eta "udalarentzat eskuragarri dagoen inbertsioa" dela ere defendatu du. Hala ere, ez du babes nahikorik lortu boto bakarrarengatik. Eskaera honi erantzun bat eman dio PSEk: Caja Ruralek finantzatutako proiektua lantzen ari direla eman du ezagutzera, eta EAJren babesaz aurkeztutako alternatiba onartu dute. Horrek harridura sortu die ADLOPi eta EH Bilduri; biek hala biek, Caja Ruralek zoru klausulekin izandako arazoak ekarri dituzte gogora, eta ez dute ulertzen finantzaketa banku horrekin bideratzea.
Gaia mahaigainean
Lasarte-Oriako Udalaren bide sareko garbiketa zerbitzua, eta beste antzekoak kontratatzeko espedientearen onarpena bozkatzea ere aurreikusia zegoen, baina EAJk eskatuta, mahai gainean geratu da gaia, eztabaidatu gabe.
Jon Antxordokik EAJko bozeramaileak azaldu du gaia batzordean landu zenean, ados agertu zirela, baina orain zalantzak sortu zaizkiela. Ondorioz, eskatu du datorren udalbatzarrerako uzteko. EH Bildu, EAJ, ADLOP eta PPren babesarekin mahai gainean geratu da.
Herriko haur parkeak eta kirol guneen mantentze lanak egiteko eskatu du EAJk, eta PSErekin batera aurkeztutako mozioa onartu dute aldeko 13 botorekin.
Aho batez onartutako mozioak
Bestalde, honako gaiak onartu ditu aho batez batzarrak: 2016ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dosierra eta bidaiarien errepide bidezko garraio zerbitzu publiko erregularrak harmonizatzeko erreglamendu aldaketa.
Horrekin batera, 2017. urteko aurrekontuen kreditu gehigarrien 3. espedienteak, eta Zabaleta Berri HIEko a.3.1-17, a.3.1-18 eta a.3.1-19 partzeletako xehetasunezko estudioa behin betiko onartu dituzte.
Udalbatzarra amaitu aurretik, galdera eta erreguak egiteko tarte bat ere zabaldu dute, eta alderdi politikoek zenbait galdera luzatu dizkiete Jesus Zaballos alkateari. Besteak beste, Atsobakarreko kirolgunea, udaleko web orria, kartelak, eta Kaskarro bideko obrak izan dituzte hizpide.