Haur motxiladunei zama arintzeko manifestua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 14a, 11:24
Haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna da hurrengo astelehenean, hilaren 20an. Lasarte-Oriako Sarek adierazpen bat prestatu du, eta hezkuntza alorreko norbanakoak deitu ditu atxikitzera. Manuel Lekuona kultur etxean irakurriko dute manifestua. Salatu dute dispertsioa jasaten duten haurrek ondorio kaltegarriak sufritzen dituztela.

Haur eta nerabeen giza eskubideen nazioarteko eguna ospatuko dute datorren astelehenean. 1959. urtetik ospatzen da, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak haurren eskubide unibertsalak finkatu zituelako egun horretan. Denbora igaro izanagatik, ordea, oraindik lan asko dago egiteko alor horretan. Izan ere, dispertsioak ondorio kaltegarriak sortzen ditu haurren bizitzan eta garapenean. Eta gaztetxoen giza eskubideen urraketa salatzeko, azaroaren 20a baliatu du Lasarte-Oriako Sarek: manifestu bat prestatu dute, eta hezkuntza alorreko norbanakoei deitu diete atxikitzera. lasartekosare@gmail.com helbide elektronikoan eman daiteke babesa, izen-abizenak jarri eta hezkuntza alorrean betetzen den zeregina zehaztuta.

Hurrengo astelehenean irakurriko dute manifestu hori, Manuel Lekuona kultur etxean, 18:00etan. Gero Motxilaren umea filma emango dute, eta Araitz Zubimendirekin solasaldia egingo dute. Goizean Donostiako Psikologia Fakultatean irakurriko dute gurasoak espetxean dituzten haurrei buruzko txostena. Fakultate horretako Fernando Olabarrieta eta Luixa Reizabal irakasleek argitaratu zuten txosten hori 2014ean. Horrela dio ikerketaren zati batek: "Kartzelan dauden gurasoei ezarritako artikuluek eragotzi egiten diete haur eta nerabeei segurtasun emozionala asebetetzea, eta hori lehen mailako beharra da. Eragozpen horiek direla eta, areagotu egiten da garapenean arazoak izateko arriskua. Gainera, haurrek 10 urte betetzean, debekatuta dute elkarbizitza-komunikazioak edukitzea. Adin muga hori arbitrarioa da, ez du oinarri psikologikorik, ez behintzat bizitza-ziklo osoan barrena zientifikoki egiaztatutako psikologia-garapen prozesuarena. Bizitza-zikloa bizitzako lehenengo momentuetan hasten da, eta ez da nerabezaroaren amaieran ere bukatzen".

Egoera horren aurrean, premiazko neurriak aplikatzea eskatu du Lasarte-Oriako Sarek. Batetik, haurrak dituzten gurasoei lege arrunta aplikatzen hastea. Horrek haurrak eta gurasoak denbora gehiagoz elkarrekin egotea ahalbidetuko luke, eta, ondorioz, hutsune horrek haurrengan duen eragina leunduko luke. Bestetik, Sarek ohartarazi du gurasoen %33k zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela, eta “automatikoki” euren seme-alabekin etxean beharko luketela. Eta azkenik, eskatu du epaiturik dauden gainontzeko gurasoentzat hirugarren gradua aplikatzea.

Pili Castresana, Ixiar Arteaga eta Joxe Mari Agirretxe Lasarte-Oriako Sareko kideek TXINTXARRI-ri azaldu diotenez, hiru alorretan lan egiten du elkarteak. Giza eskubideen defentsan dute lehentasuna, eta arreta jarria dute dispertsioaren aurka eta preso gaixoak askatzeko borrokan. Bestetik, gatazkaren konponbidea jarri dute indarra, azken helburua lortu ahal izateko: bakea.

Aurretik beste arlotan lan egindakoak dira. Osasun arloa jorratu zuten lehendabizi, preso gaixoen sufrikarioa azaleratzeko. Kultura arloan lan egin zuten gero, kultur eragileekin bilduta, “kartzelaldiak herriarekiko sortutako etena” lantzeko. Orain, hezkuntzan jarri dituzte indarrak: irakasle, guraso, begirale, hezitzaile eta besteekin lan egin dute haur eta nerabeen giza eskubideen aldeko manifestua kaleratzeko.