Hamabi alditan herriko krosean korrika aritzeko aukera izan dut, gozatzeko aukera, barrutik bizitzekoa. Aurtengoan ezin izan dut parte hartu, eta ibilbidetik kanpo egon izanak lasterketa honek sortzen dituen hainbat egoera desberdinen inguruan hausnarketatxoa egiteko aukera eman dit.

Hamabi alditan herriko krosean korrika aritzeko aukera izan dut, gozatzeko aukera, barrutik bizitzekoa. Aurtengoan ezin izan dut parte hartu, eta  ibilbidetik kanpo egon izanak lasterketa honek  sortzen dituen hainbat egoera desberdinen inguruan hausnarketatxoa egiteko aukera eman dit.

Herri mailan tradizio handiko ekitaldia bihurtu da krosa. Korrika egiten ez duten pertsonen presentziak eta parte hartzeko beste modu horrek bizitasuna eta giroa ematen dio lasterketari. Lehen urteetatik izan da Lasarte Oria Bai! krosaren ezaugarri nagusienetarikoa ikuslea eta egun honetan herrian sortzen den “kross paraleloa”. Horretaz konturatu naiz aurtengoan kanpotik bizita. Herri ohituratzat hartu da jada egun hau herritar askorentzat. Egun honetan lagunekin eta familiarekin elkartzeko aukera izaten dute askok. Poteoak, hamaiketakoak eta bazkariak etxe askotan egiten dira egun honetan. Herritik kanpo bizi garenontzat ere, bertaratzeko aitzakia ederra izaten da egun hau. Honek guztiak giro berezia sortzen du herrian, eta duela urte asko Ostadarrek herrian kirola bultzatzeko sortu zuen lasterketak, gaur egun Lasarteko egun seinalatu bihurtzea lortu du. Kirolari zein kirolari ez direnentzat egutegian gorriz borobiltzen diren horietakoa. Azken urteotan, etxeko txikienek ere parte hartzeko aukera bikaina izaten dute. Beraz, lagunartean edota familian egun polita igarotzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu herri krosak.

Herrigintza eredu garbia da Lasarte Oria Bai! krosa. Kirola bultzatuz, arlo soziala landuz eta herriaren ohitura nahiz tradizioak sustraituz herritik herriarentzako sorturiko proba, elkargune bihurtu den kirol froga herrikoia. Kirol ohiturek, askotan ohitura sozial eta kulturalei bide ematen diotenaren eredu garbia.