Ohorezko B mailan ikusi daitekeen partidarik erakargarrienetako bat da Babyauto Zarautz eta UBU Burgosen artekoa. Joan den larunbatean neurtu zituzten indarrak Zarauzko Asti zelaian. Ohorezko Mailara jauzi egiteko faborito nagusia da Burgosko taldea: dirua dauka, eta Hegoafrika, Argentina edota Erresuma Batuko hainbat jokalari fitxatu ditu. Dena dela, zarauztarrek onenen pare daudela erakutsi zuten, eta oso estu hartu zuten kanpoko taldea. Azkenean, halere, galdu egin zuten, 3-18. Aurreneko zatia bukatzean, hiruna berdinduta joan ziren bi taldeak aldageletara, baina bigarren zatian hiru entsegu egin zituen Burgosek, eta puntuak poltsikoratu ere bai.
Harrobiko taldeak ere ezin izan zuen garaipena eskuratu: 7-17 galdu zuen Bera Beraren aurka. Aipatu bi neurketa horietan hainbat lasarteoriatarrek jokatu zuten: Julen Aristorenak, Adrian Apaolazak, Ander eta Xabier Rekondok, Unai Urruzolak, David Vegak eta Ritxar Yurramendik.
Gazteak primeran Mungian
18 eta 16 urtez azpiko taldeek irabazi egin zuten Mungian jokatutako neurketetan. Michelinen jokatuko dute bihar biek, Marzola Riojaren aurka. 16 urtez azpikoak hasiko dira, 15:00etan. 16:15ean, berriz, 18 urtez azpikoek jokatuko dute. Errugbi giroa bueltatuko da Michelinera.