Hiru domina lortu dituzte lasarteoriatarrek Hego Euskal Herriko saskibaloi txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urriaren 31

Podiumean amaitu dute Gipuzkoako selekzioarekin jokatu duten hiru jokalariak: Judith Navarrok, Aitor Anabitartek eta Eñaut Buizak .

Joan den asteburuan Hego Euskal Herriko saskibaloi txapelketan lehiatu ziren hiru lasarteoriatar, Gipuzkoako selekzioarekin. Judith Navarrok kadete kategorian lehiatu zuen. Larunbatean Bizkaiko taldea menperatu zuten (77-49), eta Arabaren aurka jokatu zuten finala, igandean. Lehen zatian arabarrak aurretik jarri ziren, baina 12. minututik aurrera gipuzkoarrek agindu zuten markagailuan. Hamabost puntuko aldearekin irabazi zuten azkenean, 59-44. Navarrok 19 minutu jokatu zituen, hiru puntu saskiratu eta lau errebote hartu.

Mutilen kadete kategorian, Aitor Anabitarte hirugarren postuan geratu zen. Larunbatean Bizkaiaren aurka galdu zuen Gipuzkoak (70-54), eta Nafarroaren aurka lortu zuten brontzezko domina. Bizkaiak lortu zuen txapela finalean.Nafarroako taldeak ez zuen aukerarik izan hirugarren posturako partidan. Partida osoan galtzen joan zen, eta, azkenean, 34 punturen aldea lortu zuten gipuzkoarrek (89-55). Anabitartek 21 minutu jokatu zituen, 11 puntu saskiratu eta zazpi errebote lortu.

Mutil infantilen kategorian, aldiz, Eñaut Buizak zilarrezko domina lortu zuen. Larunbatean 77-75 irabazi zieten arabarrei, lehia estu batean. Finalean ere handia izan zen lehia, Bizkaiko selekzioaren aurka. Berdinketarekin amaitu zuten arauzko denbora (65-65), eta luzapenean galdu zuten finala (76-67). Bauzak 16 minutu jokatu zituen, lau puntu saskiratu eta hiru errebote hartu.