Euriaren mehatxua ez da bete, eta tenperatura freskoarekin, baina giro eguzkitsuarekin ekin diote aurten Lasarte-Oria Bai! Krosaren 22. edizioari. Aproposa korrikalarientzat. Ibilbide aldaketa gorabehera, ezuste handiegirik ez da izan, emakume zein gizonetan aurretik irabazitako lasterkariak helmugaratu baitira lehendabizi: Hoki Gurrero nesketan (40:01 minutu); eta Osama Ifraj gizonetan (31:00). Edonola ere, beste urte batez kirol festa handia izan da krosa; ia 1.000 korrikalarik parte hartu dute. Herriko kaleak jendez bete dira lagunak eta senitartekoak animatzeko. Bideoak ikusteko sakatu hemen.
Lehia estua izan da, batez ere, gizonen kategorian. Lehenengo kilometroetan argi geratu da biren arteko lehia izango zela krosa, Ifraj eta Unai Arroyo tolosarraren artekoa. Lasterketa ia guztia elkarrekin joan dira, harik eta Ifrajek azken kilometroan erasoa jo duen arte. Arroyo saiatu da Logroñoko atletaren erritmoari eusten, baina ezin izan dio aurre hartu, eta bi segundora iritsi da helmugara.
Hirugarren postua erabakitzeko ez da esprintik behar izan. Aitor Etxeberria igeldotarra sartu da minutu eta zazpi segundora. Hortik gutxira azaldu da lehen herritarra: Raul Gomez, bosgarren postuan. 33:14 minutuko denborarekin, beteranoetan lehen postua lortu du.
Krosaren ibilbide aldaketa Guerreroren onerako izan da. Azken astean gaixo egon da, eta, horregatik, zalantza batzuekin hasi du lasterketa. Buruan eman du lehen zatia, Susana Martin oriotarrarekin batera. Erritmoa kontrolatzen joan da, baina bosgarren kilometrorik aurrera puntu bat gehitu du, eta inork ezin izan du harrapatu helmugara iritsi arte. Iaz bezala, txapela jantzita itzuli da Hernanira.
Anabel Eleno herritarra iritsi da haren atzetik. Irabazleak baino minutu erdi gehiago behar izan du hamar kilometroak osatzeko. Ongi ezagutzen zuen ibilbide aldaketa Elenok, eta bigarren zatian estutu du. Zazpigarren kilometroan, hipodromoaren inguruan, aurreratu dio Susana Martini. Ezin izan du Guerrero harrapatu, baina bigarren postuarekin pozik azaldu da herritarra.
Roller lasterketa
59 parte hartzaile izan ditu Lasarte-Oria Bai! Roller Herrikoiaren lehen edizioak. Eguraldi txarraren iragarpenak uxatuko zituen patinatzaile asko, baina Lasarte-Oriara gerturatu direnak kirol festaz gozatu ahal izan dute. Ilazki Zalakainek irabazi du gizonetan, 17:24 denborarekin. Emakumeetan, berriz, Ane Plazaolak eskuratu du garaipena, 20:55 denborarekin.
Talde lana giltzarria izan da patinatzaileen lehian. Abiadura handiagotan ibiltzen dira, eta, ondorioz, bata bestearen atzetik joanda haizea saihesten dute. Tolosaldeko Irristaka Taldekoek lasterketa bizia egiten saiatu dira, erasoak bata bestearen atzetik joaz. Horietako batean bakarrik geratu da Zalakain, eta helmugarainoko bidea egin du ihesaldian.