Ilusioa da haurtzaroko ezaugarri ohikoenetako bat, ahal izanez gero inoiz galdu behar ez dena. Ilusioa arnastu da geltoki kaleko zuzenean, adin desberdinetako neska-mutilak lasterka pasa direnean. Korrika Festa jendetsua izan da aurten ere, etxeko txikienak zapatilak jantzi eta kirola eginez ongi pasatzera animatu direlako. Mugikortasun urriko hainbat gaztetxok ere hartu dute parte, ikusleen txalo artean.
Infantil eta kadete mailako neska-mutilak izan dira korrika egiten lehenak. Gazteen artean helduenak izaki, Okendotik abiatu eta hainbat buelta eman dituzte, plazan bertan helmugaratu baino lehen. Gazteagoak zirenek Geltoki Kaleko zuzenean egin dute lasterka. Aurreneko metroak laguntzaileekin egin dituzte, eta bakarrik azkenak. Ederki gozatu dute lasterka egin bitartean, irribarreak dortsaltzat hartuta.
Urtero gertatzen da, eta baita 2017an ere: atletismoak eta, batez ere, kirol izpirituak, etorkizun oparoa dute Lasarte-Orian. Ez dadila haria eten.