Lasarte-Oria Bai! krosa amaitu ostean, herriko 5 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoen txanda iritsiko da. XVII. Korrika Festako parte hartzaileek ordu betez erdiguneko kaleetan barrena lasterka egingo dute.
Adinaren arabera, ordutegi eta ibilbide ezberdinak izango dituzte ondoan dagoen mapan ikus daitekeen modura.
Berrikuntza modura, lehen bi lasterketetan 2004-2005 eta 2006-2007 urteetan jaiotako gaztetxoak izango dira protagonistak. “Bi lasterketa horiek indartu nahian gabiltza, eta ikusle gehien biltzen den unean egitea erabaki dugu”, azaldu du Ostadar SKTk.
Helmugara iristean guztiek izango dute saria. Jalguneko kideek domina lepoan jarri eta indarrak berreskuratzeko edateko jogurta eta gailetak izango dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, haurrek lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago egon behar dute dagokien harrera guneetan.
Izena ematea
Korrika Festan izena eman ez duen haur edo gaztetxoak oraindik astia izango du igandera arte.
Gaur arratsaldean, Manuel Lekuona kultur etxea, 17:00etatik 20:00etara irekia egongo da inskripzio gunea. Bihar eta etzi, berriz, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era; igandean, 9:00etatik 10:00etara.
Lasterketan parte hartzeagatik 5 euro ordaindu behar dira.
Antolatzaileek azken egunerako ez uztea gomendatzen dute.