Hiru lasarteoriatar lehiatuko dira Hego Euskal Herriko saskibaloi txapelketan, kadete eta infantil mailatan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urriaren 23a

Gipuzkoako selekzioaren elastikoarekin jokatuko dute asteburu honetan Judith Navarrok, Aitor Anabirtartek eta Eñaut Buizak

Hego Euskal Herriko lau selekzioak aurrez aurre lehiatuko dira asteburu honetan, infantil eta kadete kategoriatan. Lasarte-Oriako hiru saskibaloi jokalari izango dira txapelketan, hirurak Donostiako Easo jokalariak.

Kadeteetan Judith Navarrok jokatuko du, Anoetako Abraham Olano kiroldegian. Larunbatean Bizkaiaren aurka izango dute finalaurrekoa, 10:00etan. Irabaziz gero, igandean jokatuko lukete finala, Nafarroa-Araba norgehiagokaren irabazlearen aurka. Hirugarren posturako partida 10:00etan izango da. Eta final handia, 16:00etan.

Kadete mutilek ere Anoetan jokatuko dute txapelketa. Aitor Anabitarte herritarrak jokatuko du Gipuzkoako selekzioarekin. Finalaurrekoa Arabaren aurka jokatuko dute, eguerdian. Igandean izango dira finalak: hirugarren posturakoa eguerdian, eta 18:00etan finala.

Azkenik, Eñaut Buiza arituko da infantil kategorian, Oliten (Nafarroa). Arabaren aurka jokatuko dute finalaurrekoa, larunbatean, 18:00etan. Igandean, 16:00etan izango da finala, eta eguerdian hirugarren posturako partida.