Eztabaida handirik gabe onartu du udalbatzarrak Herritarren Partaidetzarako Araua. Horrekin, herritarrek udaleko erabakietan eragiteko erraztasun gehiago izango dituzte. Halere, adostasuna ez da erabatekoa izan. Batzordean hainbat zuzenketa eztabaidatu dituzte, eta horietako batzuk onartu. Udalbatzarrera Ahal Du Lasarte-Oria taldeak proposatutako bi ekarri dituzte. Baina biak atzera bota dituzte, PSE-EEko botoekin nagusiki.
Edonola ere, Ahal Du Lasarte-Oriako ordezkariak, David Aresek, azken testua babestu du. “Batzordean gure bost zuzenketa onartu dituzte, eta aurrerapausoa da, aurreko arauarekin alderatuta”. EH Bilduk abstenitu egin da. “Hutsetik abiatzen garela kontuan hartuta, bada aurreapausoa”, azaldu du Pablo Barrio zinegotziak. Halere, ez dago konforme araua aurrera atera den moduarekin. “Faltan sumatu dugu aholkularitza bat kontratatzea”.
Autobus zerbitzua
Bestalde, galdera eta erreguen alorrean present egon da Gipuzkoako Aldundiaren garraio publikoaren proiektua. Aldundiak aurreproiketu bat aurkeztu du, eta, horren arabera, Lasarte-Oriatik igarotzen diren autobus batzuk bertan behera geratu daitezke.
Jesus Zaballos alkateak argitu du udalak helegitea aurkeztu duela proiektu horren aurka, eta prentsan argitaratutako informazioak gezurtatu ditu. “Ez da egia eskualdeko beste alkateei ez diedala erantzunik eman. Urnietako alkatea izan da nirekin harremanetan jarri den bakarra. Besteak ez dira harremanetan jarri nirekin”.