Aterpeak Bezeroaren Hamabostaldia egingo du, hilaren 16tik 28ra bitartean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urriaren 9a

234 opari zuzen emango dituzte 36 dendatan. 200 euroko txartelak daude tartean.

Aterpea Lasarte-Oriako merkataritza elkartearen urteko kanpaina garrantzitsuenetakoa da Bezeroaren Hamabostaldia. Jakitun dira herriko merkatariak konpetentzia handia dutela, herritar ugarik egiten baitu ihes saltoki handietara eta hiriburura erosketak egitera. Horregatik, beharrezkoa dute “bezeroa fidelizatzea”, Ramon Ormazabal Aterpea elkarteko presidentearen hitzetan. “Gure sektorea eta herria dinamizatu behar dugu, gastuak herrian gera daitezen. Dendarik gabeko herri bat hilda dago”. Hain zuzen, kanpaina honekin bezeroei eskerrak eman nahi dizkiete, eta sariak banatuko dituzte. 36 dendaren artean 234 opari zuzen emango dituzte hamabostaldian. 200 euroko txekeak daude tartean.

“Ahalegin bat egin dugu denon artean hamabostaldi interesgarri eta erakargarri bat egiteko”, azaldu du Ormazabalek. Ekimen horretan Aterpeako hiru sektoreak batu dira: zerbitzuak, ostalaritza eta merkatariak.

Ondokoak dira bezeroen artean banatuko dituzten opariak: hiru euroko balioko 200 txartel; bi euro balioko 400 txartel; 40 sarrera bikoitz Manuel Lekuonan haurrentzako ikuskizun bat ikusteko; beste 400 sarrera bikoitz Manuel Lekuonan helduentzako ikuskizunerako. Horrez gainera, opariak lortzen ez dituztenak 200 euroko txekeak irabazteko zozketan sartuko dira.