"Desgaitasuna, edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonekin sentsibilizazioa du Lasarte-Oriako Udalak". Horrela nabarmendu du Jesus Zaballos alkateak gaur goizean, eta hori dela eta, herriko irisgarritasuna hobetzeko plan bat jarri du martxan, udalak. Horren berri eman du gaur goizean egindako agerraldi baten bitartez.
Ingurumen zinegotzi Agustin Valdiviarekin batera egin dute agerraldia, eta honek azaldu duenez, Ingartek enpresa izango da plana aurrera eramango duen enpresa. Guztira, 38.586,90 euroko kostua izango du (hori izan zen aurkeztutako enpresen artean, irabazleak, Ingartekek aurkeztutako proposamen ekonomikoa). Horretarako, Eusko Jaurlaritzarengandik 30.375 eurotako diru laguntza jaso dute.
Sergio Barreña Ingartek enpresako kideak agerraldian azaldutakoaren arabera, herritarren iritzi eta proposamenak ere kontuan izango dira, eta horretarako, parte hartze prozesuak hiru bilera ireki izango ditu. Lehena, bihar bertan egingo da, Manuel Lekuona Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan. Horretan, Lasarte-Oriako irisgarritasunaren egoera aztertu, eta lehentasunen araberako balorazio bat egingo da. Jakitera eman dutenez, lau eremu izango dira aztertuko direnak: erabilera publikoko guneak, garraioa, komunikazioak eta eraikin publikoak.
Herritar guztiei zabaldutako lehen deialdi honetan, auzo elkarteak, pertsona desgaituen elkarteak eta beste zenbait elkarte ere gonbidatu dituzte.
Horren ostean, bigarren bilera bat egingo da, eta bertan, irisgarritasunaren diagnostikoa aurkeztuko da. Horrekin batera, herritarrek egindako proposamenen eta ekarpenen lehen balorazioa egitearekin batera, ekarpenak egiten jarraitzeko bigarren txanda bat irekiko da.
Hirugarren eta azken bileran, berriz, irisgarritasun plan osoa azalduko da. Aurrera eramango diren lanen berri emango da, baita urteka gauzatuko diren etapen berri ere.