Udalbiltzak Kataluniara bidalitako ordezkaritzaren parte izan da Pablo Barrio, Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotzia. Calella eta Arenys de Munt udalerrietako bozkalekuetan izan da, Kataluniako erreferenduma ikuskatzen.
Zer giro zegoen zu izan zinen hauteslekuetan?
Beste lekuetan bezala, gu iritsi girenerako, 08:00etarako, jende asko zegoen bertan, lekua babesten. Hango udal ordezkariek jaso gintuzten, eta bozkalekura ilaran sartu ginen; jendea bazterreratu egin zen gu pasatzen uzteko. Txaloka eta oihuka hasi ziren, eta Tourrean txirrindulariak bezala pasa ginen. Oso hunkituta zegoen jendea. Une ikaragarria izan zen. Adin eta mota guztietako jendea zegoen.
Istiluak egon al ziren zu izandako lekuetan?
Ez. Kalez jantzitako poliziak zeudela esan zuten, baina gero ez zen ezer gertatu. Calellan ostatu hartua zuen Poliziaren konpainia batek, eta istiluak izan ziren hotelaren aurrean. Lasai zegoen egoera, baina denak adi zeuden, edozein unetan gerta zitekeenaz jakitun.
Irudietan ongi ikusi zen Poliziaren jazarpena. Horrek giroa aldatu al zuen?
Polizia ez zen etorri gurera, eta horrelako irudiak ez genituen ikusi. Egun handia izan zen katalanentzat, eta hunkituta zeuden. Festa giroa zegoen, nolabait. Adineko bi emakume entzun nituen hizketan: "Ez nuen bozkatzeko asmorik, baina gertatutakoa ikusita, bozkatu egin behar da. Eta bai bozkatu behar da". Frankismoan ezagutu zutena errepikatu zen igandean. Lasai zeuden, baina erantzuteko prest. Polizia etorriko zen beldur, segituan jarri zituzten traktoreak bozkalekuaren atarian.
Estatuaren esku hartzea saihestu, eta azkenean lortu dute erreferenduma egitea. Ongi antolatu beharra dago hori egiteko.
Ardurak oso ondo banatuta zituzten, bazekiten nola jokatu egoera jakin batzuen aurrean. Eskolak gau osoan irekitzeko egitarauak prestatu zituzten: zumba ikastaroak, paella jateak, kaleak moztu zituzten obren aitzakiarekin... Milaka hautetsontzi izango zituzten, baina Guardia Zibilak ez zuen bat bera ere antzeman. Pentsa zer nolako antolakuntza eduki behar den. Azkeneko xehetasuneraino aurreikusita zuten dena.
Iruzur salaketak egon ziren. Espainiako telebista kate bateko kazetari batek erakutsi zuen nola bozkatu zuen bi aldiz.
Halako egoerak izango ziren. Horrelako egoeran gauzak ezin dira perfektu egin. Hain zuzen, hori da Estatuak bilatu duena. Baina beste milaka pertsonari ere galarazi zieten bozkatzera joatea. Errolda unibertsala egin zuten, eta sistema informatikoa blokeatu zietenean eskuz hartu zituzten datuak. Egoera zein zen ikusita, ustezko irregulartasunen inguruan ez da egon eztabaida handirik.
Egoera ikusita, emaitzak arrakastatsuak direla esan daiteke.
Oso arrakastatsuak. Jendeak ez zekien aukera izango ote zuen bozka emateko. Bozkatu nahi baina ezin izan zutenak ezugutu genituen. Arriskuagatik eta beldurragatik asko etxean geratu ziren.
Udalbiltzako hautetsiek aterako zenituzten irakaspen asko Kataluniako erreferendumetik.
Zalantzarik ez dago. Irakaspena guztiontzat da: dena da posible jendeak hala nahi badu. Horretan sinetsi behar dugu. Nahi izateaz gainera, dena ongi antolatua egon behar du. Igandekoa posible izan zen hautetsontziak ongi ezkutatu zituztelako, eszenatoki posible guztiak aureikusi zituztelako, horien aurrean nola jokatu behar zuten bazekitelako, ardurak ondo banatu zituztelako... Kataluniakoa ez da ustelkeria ezkutatzeko gobernuen estrategia bat. Ezta inondik ere. Katalunian herria mugitu da, eta mugimendu horren atzetik politikariak joan dira derrigortuta. Posible da, sinesten badugu eta herria atzean badago.