Ez zuen harekin gehiago egon nahi. Azkenaldian ez zegoen ados besteak ematen zion tratuarekin: kontuak begiratzen zizkion uneoro, kanpoko lagunekin zituen harremanak mozten saiatu zen, ezagunen aurrean iraintzen zuen.

Ez zuen harekin gehiago egon nahi. Azkenaldian ez zegoen ados besteak ematen zion tratuarekin: kontuak begiratzen zizkion uneoro, kanpoko lagunekin zituen harremanak mozten saiatu zen, ezagunen aurrean iraintzen zuen. Horregatik, urte askoren ondoren, ahalduntze kolektiboari esker, erabaki zuen beldurrik gabe, -sense por-, senarra atzean utzita alde egitea. Gizonak ez zuen ongi hartu erabakia; zer pentsatuko lukete haren inguruko beste gizon boteredunek alde egiten utziko balio? Kuadrillan zuen ahalmena kolokan ikusi zuen, ez zuen onartu txikiago batek, eta ustez ahulago batek, haren autoritatea kolokan jartzea. Argi ikusi zuen orduan: “Ez badu nirekin egon nahi, gogotik ordainduko du”. 

Hala egin zuen hurrengo egunetan: kontu korronteak blokeatu zizkion, ez zion etxetik irteten utzi, eta bestearen bidaideak atxilotu zituen. Ez zuen onartu bera baino txikiago zen horrek erabaki nahi izatea, sarea osatu ahal izatea, beste lagun batzuk egitea. Eta orduan, beste aukerarik ez zuela ikusita, tratu txarrak egiten dituen edozein gizonen antzera hartu zuen azken erabakia: erabat txikituko zuen ordura arte haren kidea izandakoa.

Txikia, ordea, ez zen horren txikia ordurako. Herri osoa zuen atzean babesa ematen. Eta ahizpatasunez irten ziren guztiak kalera, autodefentsaz egin zioten aurre autoritateari. Kantuan erantzun zituzten boteredunaren kolpeak. Hamaika kolorez jantzi zituzten indarkeriaz betetako kale beltzak. “No tinc por; ez dut beldurrik”, konbentzituta bidean aurrera jarraitu zuen gure lagunak. Eta horrela, Kataluniako Errepublika feminista eraikitzeari ekin zioten.