Garaipena garaipena da, eta porrota, porrot. Ez gara ezer berririk esaten ari. Halere, badaude garaipen zaporea uzten duten norgehiagokak, markagailuak aurkakoa islatu arren. Hori ari zaie gertatzen Ostadar SKTko errendimendu juniorrei. Apur bat irregularrak badira ere, ongi jokatzen dute, azkenera arte borrokatu, baina oraingoz, ez dute neurketarik irabazi. Dena den, gero eta hurbilago ikusten dute aurreneko garaipena.
Hamar jokalarik osatzen dute Ander Otaegik entrenatutako taldea. Uneotan, horietatik lau min hartuta daude. Erdia, ia. Ez da asteburuko neurketei ekiteko augurio onena. Halere, harrobi lan ona egiten du Ostadarrek, eta bigarren taldetik igotako neskek ederki erantzun zuten larunbatean.
Easo zuten aurkari urdin-beltzek. Otaegiren hitzetan, "sailkapenaren goiko aldean" ibiliko dira donostiarrak. Aurreneko laurdenean erakutsi zuten zergatik: erasoan, ia baloi guztiak saskiratzen zituzten, etxeko taldearen harridurarako. 10. minutuan, 12-27 islatzen zuen markagailuak.
Lehen laurdeneko ekaitza ikusita, Ostadarrekoek euritakoa ireki eta neurketa orekatzea lortu zuten. Partziala ere irabazi zuten, 19-16. Atsedenaldian, hamabi puntukoa zen bi taldeen arteko aldea: 31-43.
Hirugarren laurdena, erabakigarria
Ikustekoa da zenbat gauza gerta daitezkeen hamar minututan. Easo kontzentratuago kantxaratu zen, eta hogei puntugatik irabazten jarri. Orduan, erreakzionatu egin zuen etxeko taldeak, eta bere joko-erritmoa ezarri. Sei puntura arte murriztu zuten aldea (40-46), hirugarren laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan. Eta tarte horretan galdu zuen neurketa etxeko taldeak, Otaegik azaltzen duenez: "Ordura arte egindako lana harraskatik behera bota genuen: hutsegite inozoak egin genituen, gogor defendatu gabe...42-60ko emaitzarekin bukatu genuen laurdena".
Dena dela, urdin-beltzek ez zuten amore eman, eta aldea murriztu ahal izan zuten. Azkenean, 57-66 donostiarren alde.
"Denboraldi hasiera zaila izan da guretzat: jokalari garrantzitsu batzuk min hartuta daude, hiru arerio zailen aurka jokatu dugu... Lehenengo hiru jardunaldietan galdu egin dugu, guztietan borrokatu arren. Ea igandean irabaztea lortzen dugun Bera Beraren aurka", amaitu du Ostadar SKTren entrenatzaileak.