Gaurko egunean zehar hautetsontzietan sartutako botoak zenbatzen ari dira orain Katalunian. Espainiako Gobernuak goiz-goizetik erreprimitu ditu kataluniarren bozka emateko saiakerak, indar polizialen bitartez. Zauritu kopuruak gora eta gora segitzen du (Berria hedabidearen arabera, 700 baino gehiago dira, horietatik 128 ospitaletara eraman behar izan dituzte eta bi larri daude), nazioarteko herrialdeen harridura eta mesprezua bezainbeste ('Europako lotsa' bezalako goiburuak irakur daitezke hedabideetan). Trabak traba, oztopoak oztopo eta kolpeak kolpe, gaurkoan euren iritzia eman nahi zuten askok eta askok botoa eman ahal izan dute. Hori bai, ilara luzeak itxaron eta gero, hauteskunde mahaiak tokiz aldatu eta gero, eta polizia agertuko ote zen beldurrez. Laburbilduz: egun gogorra izan da gaurkoa kataluniarrentzat.
Hori dela eta, hainbat eta hainbat txokotatik elkartasuna eta babesa jaso dituzte. Baita Lasarte-Oriatik ere. Gure Esku Dagok hainbat ekintza antolatu ditu, eta gaurkoan bizitakoak bultzatuta, asko izan dira kalera irten diren herritarrak. Kalejira musikatua egin dute lehenbizi, Okendo plazatik hasi eta erdiguneko kaleak zeharkatuz. Plazan bertan elkartu dira berriro gero. Xumela abesbatzako kideek 'Els Segadors' Kataluniako ereserkia abestu dute, eta, ondoren, hautetsontzi erraldoi bat plaza erdian utzi eta gero, bozka sinbolikoak eman dituzte ekitaldira gerturatu direnek. Gaueko bederatziak ziren. Ordubete beranduago, Euskal Herri osoan deitua izan den kazeroladan ere hartu dute parte.
Ez dira asteon egin diren elkartasun ekintza bakarrak. Pasa den ostegunean manifestaziora deitu zuen Sortu Lasarte-Oriak. Eta, ostiralean, Katalunian gertatutako atxiloketa eta demokrazioaren oinarrizko printzipioen kontra egindako erasoak' adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzarrak. EH Bilduk, LOADek eta EAJk bozkatu zuten alde.
EH Bilduko Pablo Barrio, Katalunian
Hainbat herritarrek gertu-gertutik bizitu dute gaurko eguna. Tartean, EH Bildu alderdiko bozeramaile Pablo Barriok. Udalbiltzako beste hainbat hautetsirekin batera bidaiatu eta bertan pasa du gaurko eguna. Besteak beste, Parlament-eko presidente Carme Forcadellekin hitz egiteko aukera izan du.