Asteazkenean izan zuen lehen lehia Maialen Chourraut piraguista lasarteoriatarrak Munduko Txapelketan (Pau, Frantzia), eta domina eskuratzetik gertu izan bazen ere, ez zuen lortzerik izan. Atletico San Sebastian kirol elkarteko kide Irati Goikoetxearekin, eta Marta Martinez kataluniarrarekin batera, bosgarren postuan amaitu zuten, K-1-eko taldeak; 109.07 segunduko denboran amaitu zuten lehen proba.
Atzo hasi zuen bakarkako lana Lasarte-Oriako piraguistak. Sailkapeneko proba gainditu zuen, bosgarren postuan, eta larunbatean jokatuko du finalerdia. Eta finalera igaroko balitz, larunbat arratsaldean lehiatuko litzateke.
Chourraut da txapelketa irabazteko hautagaietako bat. Horretarako, Olinpiar Jokoetan erakutsitako mailari eutsi beharko dio. Lasarte-Oriakoak zilarrezko eta brontzezko dominak lortu ditu aurretik Munduko Txapelketetan, baina ez urrezkorik, oraindik.