Euskal Herriko gatazkak biktima ugari utzi ditu, alde batean zein bestean. Haatik, bizikidetza baketsu baterako oinarria ezartzen lan eskerga egindakoak dira. Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak antolatutako zine zikloaren azken ekitaldian ikusi ahal izan da hori: Glencree ekimenari buruzko dokumentala eman zuten asteartean, Antonio Mercero gunean. Gonbidatu bereziak izan dituzte, proiektu horretan parte hartutakoak: Maixabel Lasa eta Lourdes Zabalza. Biak dira indarkeria politikoak eragindako biktimak.
Proiektu berria zen Glencree, Irlandako gatazkatik eredu gisa hartua. 2007an hamar biktima hartu zituzten, eta Glencreera eraman zituzten, Irlandako landa eremuko etxe batera. Eragile armatu desberdinek eragindakoak ziren biktimak: ETAk hildako bost pertsonen senideak, eta beste bost GALek edo eskuin muturreko taldeek hildakoenak.
Juan Maria Jauregiren, Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoaren, alarguna da Lasa; 2000an hil zuen ETAk. Glencree martxan jarri zuten garaian Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Arretako zuzendaria zen. "Garai zailak ziren haiek; ETA indarrean zegoen, eta estatuak atxilotze kanpaina abian zuen. Gune isolatu bat nahi genuen, prentsaren kontaktutik kanpo".
Guztira hiru talderekin probatu zuten esperientzia. Zabalza hirugarren taldean eraman zuten. 1985ean hil zuen Guardia Zibilak haren anaia Mikel, atxilotu eta torturatu ostean. Bidasoa ibaian aurkitu zuten hilotz. Sekula ez dute ikerketarik egin hilketa argitzeko.
"Aitorpen txiki bat"
Zabalzak zalantzak izan zituen proiektuan parte hartzeko. "Nire anaiekin kontsultatu nuen. Guretzat aitorpen txiki bat zen, Mikel biktima bat izan zela onartzeko". Hasierako uneak deserosoak izan zirela gogoratzen du. "Ez nuen inor ezagutzen, moderatzaileak bakarrik. Tentsio handia zegoen".
Lehenengo egunean bakoitzak aurkezpen bat egin zuen, hari gertatutakoa besteei azaltzeko. "Tabu asko hautsi ziren. Pentsatzen genuen batzuk pribilegiatuak izan zirela, baina gero ohartu ginen ez zela horrela izan", azaldu du Zabalzak.
Batak bestearen istorioa eta mina konpartitzean, harreman berezia sortu zen biktimen artean. Zabalza: "Besteari entzutean gerturatze bat egon zen, enpatizatu egin genuen. Bakoitzak bere ideologia zuen, eta talkak egon ziren. Baina ideologia bigarren maila batean geratu zen; garrantzitsuena zen zer gertatu zen".
Denak biktimak
Harresi asko hautsi zituzten Glencree-n parte hartutakoek. Alde banatako biktima gisa joan ziren, baina esperientziak partekatu ondoren, denak alde berean zeudela konturatu ziren. "Denok sufritu dugu, eta bidegabea izan da denon kasuan", esan du Zabaltzak.
Emaitza arrakastatsua izan zuen proiektuak, antolatzaileek aurreikusi zutena baino gehiago. "Ez genuen inoiz horren emaitza ona espero", adierazi du Lasak. Proiektua amaitzean, 2012an, testu bateratu bat plazaratu zuten biktimek: eragindako kaltea errekonozitzea eskatu zuten, eta erantzukizunak egoztea. Egun harremanei eusten diete proiektuko kideek.
Horrenbeste sufritu ondoren, pentsamolde desberdineko biktimek gutxiengo etiko batzuetan ados jartzeak miresmena piztu du Antonio Mercero aretoan. Dokumentalaren ostean eztabaidari ekin diote ikus-entzuleek, baina denek bat egin dute puntu batean: biktimak ados jartzea lortu badute, gizarteak ere pauso gehiago egin beharko lituzke adiskidetze prozesuan.