Nesken taldea osatzea lortu du areto futboleko Eguzkik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko irailaren 22a

Sei talde izango ditu: seniorreko hiru, jubenilak eta kadeteak. Asteburu honetan hasiko dute denboraldia

Lasarte-Orian izango da areto futboleko nesken taldea. Deialdia egina zuen Eguzki kirol elkarteak, eta, azkenean, hamar bat futbolari biltzea lortu dute. Entrenatzen hasi dira dagoeneko, eta urrian hasiko dira lehiatzen. 

Aurrerapausoa eman dute aurten herriko areto futbol taldeek, eta proiektu bakar batean batzea lortu dute, Eguzki Kirol Elkartearen barruan. Horrela, guztira sei talde edukiko dituzte. Senior kategorian hiru, beste horrenbeste mailatan; jubeniletan; kadeteetan; eta, azkenik, emakumen talde berria. 

Gorka Redondo elkarteko arduraduna pozik agertu da, "kate guztia" osatzea lortu dutelako. Hau da, kadeteetatik hasi eta Nazional Mailako hirugarren mailara arte, jarraipena eduki ahalko dute futbolariek. Nesken taldea ateratzea areto futbola herrian sustatzeko garrantzisua dela deritzo. 

Sei talde 
Nahiz eta talde guztiak Eguzki elkartearen barruan egon, babesleek hala erabakita, talde bakoitzak orain arteko izenari eutsiko dio. Horrela, Ventanas Isu-Eguzki probintziako lehenengo mailan lehiatuko da; Cecilia Frutadenda-Eguzki, Probintziako Bigarren Mailan; eta Carpinteria Antonio-Eguzki, estatu mailako Hirugarren Mailan. 
Denboraldia hasiko dute hiru talde horiek asteburu honetan. Gipuzkoako Kopa jokatuko dute Ventanas Isuk eta Cecilia Frutadenak. Carpinteria Antoniok, berriz, liga hasiko du igandean.