Atzo Hipodromora gerturatu ziren 4.000 lagunen artean ez zen eguzkia azaldu, baina horrek ez duen Kutxa Kultur festibalaren lehenengo jardunaldia zapuztu. Antolakuntzak apustu handia egin du aurten: Igeldo utzi, eta Hipodromora lekualdatu dira. Askoz ere erosoago ibili ziren bertan musikazaleak, euria goian-behean hasi arte. Lehen belarra zena lokatz bihurtu zen. Dena dela, festa giroa ez zen itzali. Eguraldi txarrari, aurpegi ona: xirak jantzi, aterkiak zabaldu eta musikaz gozatu zuten Hipodromoan bildutakoek.
Havoc talde donostiarrak ireki zuen eszenatoki nagusiko (Keler gunea) kontzertu-sorta. Euren laugarren estudioko lana aurkeztu zuten: 'Amado lider'. Euskal Herriko beste hainbat talde eta bakarlari ere aritu ziren atzoko egunean zehar: Madeleine, Kokein, Sara Mansilla, Iñigo Serrulla, Zea Mays...etab. Bereziki indartsua izan zen Aiora Renteria eta enparauek eskainitako emanaldia: iaz kaleratutako 'Harro' laneko hainbat abesti jo zituzten, baina baita klasikoak ere: 'Elektrizitatea', 'Negua joan da ta', 'Oihu', 'Bi bihotz, bi ero' eta beste hainbat.
Lokatz artean dantzan
Arestian esan bezala, arratsaldean eta gauean botatako euriaren ondorioz, erabat lokaztu zen Hipodromoko belardia. Eszenatoki nagusiaren inguruan nabaritu zen batez ere. Love of Lesbian eta The Jesus and Mary Chain taldeek jendetza erakarri zuten emanaldietara, eta aipatu lokatz hori ez zen eragozpena izan abestiak entzun bitartean dena emateko.
Goizeko bostak aldera bukatu zen festa Hipodromoan. Baina lasai egon daitezke musikazaleak, gaur ere badutelako zer ikusi eta dantzatu.
Herrian ere musika giroa
Herriko kaleetan ere arnastu dugu gaur Kutxa Kultur giroa. Aterpeak eta Lasarte-Oriako Udalak, elkarlanean, musika-potea eta hainbat kontzertu antolatu dituzte. Herritar ugari animatu dira kalera irten eta doinu zein pintxo desberdinak entzun eta dastatzera.