Uda bukatzen ari da, eta urtaro aldaketarekin batera, Lasarte-Oriako igerilariak ur irekiko zeharkaldiak igerilekuarengatik aldatzea beste erremediorik ez dute izango. Azkenetariko proba jokatu zen joan den larunbatean Donostian; Kontxako Badiako Igerialdian parte hartze zabala izan zuten herritarrek. Eta emaitzak ere onak izan ziren. Nabarmentzekoa infantil nesketan lortutako garaipena: Leire Martin izan zen azkarrena 740 metroak betetzen. Ainhoa Martin ahizpak osatu zuen podiuma, hirugarren postua eskuratuta.
Master 1 kategorian gertu egon zen Xabier Elizegi lehenengo hiruren artean sailkatzeko. Laugarren egin zuen, 2.220 metroak 26:24ko denboran osatuta. Irabazlea baino bi minutu geroago sartu zen helmugan. Kategoria guztiak kontuan hartuta 13. postuan sailkatu zen lasarteoriatarra.
Juan Vicente Martin ere lehengo hamarretan helmugaratu zen Master 2 kategorian, 28:51ko denbora onduta. Baita Irati Arzallus senior neska; bederatzigarren izan zen Arzallus, 29:20ko denborarekin.
Igerilari prestuak daude egun herrian, baina geroa ere ziurtatuta dago, batez ere infantilen emaitzei erreparatuta. Leire eta Ainhoa Martinek lehenengo eta hirugarren postua eskuratu zuten, hurrenez hurren. Mutiletan ere Unai Somovilla bederatzigarren sailkatu zen.
Denera 11 lasarteoriatarrek parte hartu dute. Kontxakoa proba aintzindaria da 1943. urtetik egiten dute.