Beñat Iriondo eta Maider izagirre LAB hezkuntza
Beñat Iriondo eta Maider Izagirrek martxoaren 2an egingo den hitzaldi irekian parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. Honakoa Manuel Lekuonan izango da 17:30ean eta hezkuntza alorreko ebaluazioaz hitz egingo da LAB sindikatuak martxan jarri duen dinamikaren baitan.
Gipuzkoako deialdia izanik ez dute hezkuntza esparruko langile edota gurasoak soilik gerturatzea nahi "hezkuntza gure gizartearen oinarria da eta guztioi dagokigu honetan aldaketak bultzatzea".
Izagirrek azaldu duenez, ebaluazio sistemaren inguruko lanketaren abiapuntua da 2016ko maiatzan LAB-eko irakaskuntza sektoreak aurkeztutako 'Iruten' dinamika. "Hezkuntza mailan jasaten diren inposaketaz haratago, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propiorantz urratsak ematen hastea da helburua".
Horretarako jarri da dinamika bat martxan, "herri ikuspegitik ariketa praktiko batzuk gauzatzea ezinbestekoa da. Ariketa hauetan hezkuntza komunitate osoak eta herritarrek parte hartzea nahi dugu".
Euskal hezkuntzak bete behar dituen helburuen inguruan gogoeta egin nahi dela azaltzen dute LABeko ordezkariek, "irakaskuntza arloko jendearen artean esperientziak ezagutu eta trukatu eta etorkizunari begira, Euskal Herriak behar duen eskola ereduaren inguruan adostasunak bilatzea da xedea". Hezkuntza sistema propioaren bidean, tresnak sortu behar direla uste dute eta horien baitan txertatzen da ebaluazioaren inguruko lanketa hau.
Izan ere, lehenengo urrats bezala gaiak adostasun maila altua lor dezakeela uste dute "irakaskuntzako eragile guztien akordio zabal bat lortu nahi da ebaluazioaren inguruan, eta dekalogo bat sortu lehenengo pausu bezala".
Notak
Egungo ebaluazio sistema kalifikazioetara lotuta dagoela azaltzen dute. "Egun jartzen diren kalifikazioak neurri handi batean irakaslearen eskutan geratzen dira. Irakasleak erabakitzen du zein nota jarri ikasle bakoitzari, eta ikastetxe askotan ere, ez daude ebaluazio irizpideak bateratuta. Hor hutsune eta gabezia handia geratzen da agerian. Izan ere, zer ebaluatu behar zaio ikasleari? azterketa, jarrera, lana?". LABeko kideen ustez, "paradigma aldaketa beharrezkoa da. Ebaluazioak prozesu positiboa behar du izan alde guztientzat, integrala eta poliedrikoa. Agerian utzi beharko luke indartu beharrekoa, hobetu beharrekoa… beti ere, ikuspegi eraikitzaile batetik eta ez zigorretik edota urduritasunetik".
'Pisa' txostenak argitara eman dituen emaitzak medio, aldaketak egingo direla iragarri du Hezkuntza sailak. "Hausnarketa batera eraman gaitu eta eredua kolokan dagoela erakutsi du". Hala ere, txosten horren inguruan 'zalantzak' badaude, "erraz ulertzeko, Hezkuntzaren kontrol osoa Estatuak nahiko balu, egun baditu tresnak hezkuntza legeen bitartez eskuratzeko. Hau da, gaitasuna du esateko zer irakatsi eta nola. Kontrolatzeko, errebalidak izango lituzke edota 'Pisa' txostena bera. Izan ere, honek gauza konkretu batzuk ebaluatzen ditu modu zehatz batean, helburu jakin batzuk lortzeko. Gure ustez gure herriak honen aurrean esan behar du: guk badaukagu nork ebaluatu eta nola ebaluatu. Momentu honetan, 'biluzik' gaude estatutik datozenen aurrean. Tresnak behar ditugu. Pisa behar al du herri honek? Herri bezala erabaki beharko genuke, izan ere, herri askok erabaki dute 'Pisan' ez parte hartzea".
Hau alde batera utzita, hezkuntza momentu historiko batean dagoela uste dute. "Aldaketa bat behar da eta hori ez du inork ukatzen, aldaketa egokia eta eraginkorra izateko, herritik eta herriarekin egin behar da, bestela, legearen bidez inposatzen jarraitzen bada, irakasleek ez dute egiten duten lanean sinistuko, besteak beste".
Hezkuntza komunitatean badira desadostasunak, Iriondok eta Izagirrek azpimarratu dutenez, "elkargune izan daitekeen gaietako bat da ebaluazioa. Eragile ezberdinak lanean ari dira esparru honetan".
Prozesua
Ebaluazio hezigarriaren ideian gogoeta abiatzeko lehenengo urratsa osteguneko hitzaldia izango da. Ondoren, Hernanin, Orona eraikinean martxoaren 18an antolatu diren jardunaldietan, adituek ebaluazioaren inguruan arituko dira eta kasu praktiko batzuk azalduko dituzte, beste ebaluazio modu batzuk posible direla, eta horiek martxan daudela, erakusteko.
Tarte honetan ikastetxeetara joko dute. "Asmoa zein den azalduta, formazio saioak jaso nahi dituzten ikusi eta eztabaidatan parte hartzeko prestutasuna jasoko dugu". Ikastetxeen plangintzara egokituz prozesua martxan jarriko da. "Ahalik eta esperientzia gehien jaso nahi ditugu".
Prozesuaren lehen urratsak izanik, ikusteko dago zein bide egiten duen. "Datorren ikasturtean zabaltzea espero dugu eta tartean beste jardunaldi batzuk ere antolatuko ditugu gaian sakontzeko".
Nafarroan lanketa hasi da, eta itxaropentsu eta baikor daude, "besoak zabalik" hartu baitituzte eskoletan. "Irakasleen artean bada beharra zerbait egiteko egoera behingoz iraultzeko".