Arraun denboraldia bere onenean hasteko hilabeteak falta dira oraindik, baina pixkanaka motorrak berotzen doaz Kantauri itsasaldeko traineru guztiak.
Aurten, lehenengo aldiz, Donostiarrak koadrila aterako du emakumezkoen ligan. Bertan da Intza Fernandez lasarteoriatarra, pasa den urtean Getaria-Zarautz taldeko arraunlaria izandakoa, eta haiekin Kontxa lehiatutakoa.
Oriako jaitsiera
Urteko froga goiztiarrenetakoa izan ohi da Oriako jaitsiera, eta hilaren 11ean jokatu zen aurtengo edizioa. Hirugarrenez, emakumezkoen traineruek ere lehiatu zuten Babyauto Ikurrina, Saikolatik Oriorako 4 kilometroko ibilbidean.
"Espero baino hobeto" joan zitzaien Donostiarrako arraunlariei, Intza Fernandezen ustez. Izan ere, talde "osatu berria" dira; gehiengoa "oso gaztea". Hamabigarren denborarik onena egin zuten donostiarrek, irabazle Hibaikak baino 01:01,39 minutu motelago.
Bost traineru atzean utzi izanak "hobetzeko oinarria" badutela erakusten du, arraunlari lasarteoriatarraren ustez.
Liga, ekainean
Udara iritsi bitartean, estropada eta jaitsiera batzuk lehiatuko dituzten arren, erronka nagusiari ekaina aldera ekingo diote. Gipuzkoako Ligan arituko da Donostiarra, lehenengo urtez.
Emakumezkoen maila nagusirako, Euskotren Ligarako, sailkatzea "zaila" ikusten du Intza Fernandezek. Bere ustez, "maila handia" dute puntako traineruek. Dena den, talde hasiberria diren heinean, "garrantzitsuena urrats sendoak ematen jarraitzea" dela diote.
Pixkanaka hobetuz
Denboraldi ona egin zuen pasa den urten Intza Fernandezek Getaria-Zarautz taldean. Besteak beste, Kontxako Banderarako sailkatu eta ohorezko txandan arraun egiteko aukera izan zuten.
Aurten Getaria-Zarautz taldeak trainerua atera izanez gero, Euskotren Ligara sailkatzeko "aukera garbia" ikusten zuen Fernandezek. Alde horretatik, "berriro ere zerotik hastea" dela aitortu du. Hala ere, "animoz lepo" daude bai bera baita taldekideak ere.
"Lanean jarraitzea eta hobetzea" dira Donostiarrako arraunlariaren erronkak, "pixkanaka kirol helburuak gaindituz".
2017ko estropada luze honi lehenengo arraunkadak eman dizkiote, iparra galdu gabe: Irailean Kontxako Badiara ahalik eta sendoen ailegatzea.