Herriko merkatarien elkartera bazkide berriak erakartzeko kanpaina jarriko dute martxan Aterpeak eta Udalak elkarlanean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 22a

Jesus Zaballos alkateak eta Ramon Ormazabal Aterpea herriko merkatarien elkarteko lehendakariak bazkideak erakartzeko kanpaina aurkeztu zuten atzo eguerdian, Udalean egindako agerraldian.

2017. urteko Udalaren helburuetako bat, merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduen artean asoziazismoa sustatzea izango dela adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Enpresa txiki horien bultzada, herriko ekonomiarena, era intentsuagoan eta eraginkorragoan egin daitekeela konbentzituta daude. 

Udalak asoziazismoari emandako emandako sostengu hori batik bat Aterpea elkartean zentratu da, hori baita Lasarte-Orian dagoen merkataritzako eta ostalaritzako elkarte bakarra; gaur egun, herriko establezimenduen %10a biltzen ditu Aterpeak, 52 bazkide dira orotara. 

Aterpeako lehendakari Ormazabalek azaldu moduan, bazkidetza berriak biltzeko kanpaina martxoaren lehenean jarriko dute martxan. Horretarako, Arantza Aldai kontratatu dute, zeina herriko denda, taberna eta komertzioetara gerturatuko den horiei guztiei Aterpeako kide izan daitezen gonbidatzera.

Aterpeako bazkide izatearen onurak

Merkatarien elkarteko lehendakariak Aterpeako bazkide izatearen abantailak ere ekarri zituen gogora atzoko agerraldian. Horien artean Udaberri eguna, komertzioen Stock Azoka, bezeroen hamabostaldia, Ostiral Beltza eta beste hainbat ekimenen parte izateko aukerak azaldu zituen Ormazabalek.

Horiekin guztiekin batera, bereziki ostalaritzako establezimenduei zuzendutako hainbat ekintza ere ekarri nahi izan zituzten gogora; Sagardopotea, ardo-dastaketa, Santa Anako pintxoaren kanpaina,aste gastronomikoa eta beste hamaika aukera.

Interesa dutenentzat harremanetarako bidea

Guzti honen inguruan informazio gehiago eskuratu nahi dutenentzat telefono zenbaki bat jarri dute establezimenduen eskura. Horrela, 681610302 telefono zenbakira deitu beharko dute astelehenetik ostiralera, eta goizeko 10:00etatik 12:00etarako ordutegian.

Bertaratu ezin dutenek ere izango dute informazioa eskuratzeko aukerarik, itziarirurzun@hotmail.com helbidera mezu bat idatziaz eta horrela, zehatz-mehatz jakin ahal izango dute zer dakarren Aterpea merkatarien elkarteko bazkide izateak, zein diren elkarteko kide izateko baldintzak eta eskuratu ahal izango dituzten onurak.